EGOKITZAPEN PROZESUA HAUR HEZKUNTZAN: ZERGATIK? ZERTARAKO?

Ikasturte hasiera gogorra izan ohi da; baina, ziur aski, are gogorragoa Haur Hezkuntzan estreinakoz hasten diren ikasleentzat.

0-2 urteko haur batzuek, askotan, beraien familiarengandik lehen aldiz bizitzen dute banatze unea, eta, hala, azpimarratzekoa da zein garrantzitsua den momentu hau lasaitasunez hartzea, bai irakasleek bai gurasoek, konfiantzazko toki batean daudela sentiarazteko aukera izan dezaten haurrek. Horretarako izaten da, finean, egokitzapen prozesutzat ezagutzen duguna: denontzat, eta batik bat haurrentzat, errazagoa izan dadin norberaren bizitzan une arras garrantzitsua dena: eskolaratzearen hasiera, alegia.

GURASOEI ESKERRAK

Hasiera batean haurrarentzat garrantzitsua den pertsona bat ikasgelan geratu ohi da. Hartara, ikastolan bizitzen ari dena etxekoek ezagutzen dutela eta etxekoek ikastolan parte hartzen dutela senti dezake haurrak.

Gero, poliki-poliki (egun batean 10 minutu, hurrengoan 20 minutu...) haurra agurtu, beranduago bere bila itzuliko dela adierazi, eta gelatik ateratzen da gurasoa. “Oso garrantzitsua da haurra agurtzea”, nabarmendu dute HHko Lizeoko irakasleek. “Honela, haurra, pertsona hori ez dagoela ikustean, ez da abandonatuta sentituko, baizik eta, gurasoa edo pertsona heldu hori erosketak egitera joan dela, etxera zerbaiten bila joan dela...jakingo du”.

Azkeneko pausoa, berriz, haurra gelara bakarrik sartzea izango da; hots, gurasoa agurtu eta gelan bera bakarrik sartzea. “Haurrak jakin behar du gurasoa joan egin dela baina beranduago itzuliko dela”, Lizeoko irakasleen hitzetan.

Jakina, egokitzapena ez da prozesu lineala; ez du erritmo bera guztientzat. Hau da, haur batzuek banatze prozesu laburragoa izango dute, eta beste batzuek prozesu luzeagoa. “Finean, haur batzuk lehenago egokituko dira, eta beste batzuei gehiago kostako zaie”, adierazi dute irakasleek. “Baina ez dugu presarik izan behar. Haurra egokitzea nahi badugu, momentu egokia aurkitu behar dugu. Haurrak irakasleekin eta gelaren egunerokotasunarekin konfiantza sentitu behar du”.

Bide horretan, hain zuzen, ezinbestekoa da sendiaren eta ikastolaren artean elkarlan bat egotea, haurrak bizi duen banatze hori errazago izateko. Horregatik, azken hilabetean prozesu hau bizi izan duten gurasoei eskerrak eman nahi dizkiete HHko Lizeoko irakasleek: “Zuen konfiantzak eta lanak asko laguntzen gaitu gure lanean. Askotan ez da erraza izaten ikastolaratzearen lehenengo etapa hau, baina denon artean errazteko helburua aurrera eramanez, ziur gaude lortzen dugula”.