MURGILKETA HAMABOSTALDI ARRAKASTATSUA

Ikasturteko lehen bi asteetan, ohi bezala, ingelesean trebatzeko aukera izan zuten LHko 5. mailako ikasleek, FIE egitasmoaren (Fornight Inmersion to explorers) eskutik. Ikasleen ingeles maila komunikatiboa handitzea da proiektuaren xedea, ingelesez aritzeko aukera zabalagoa eta trinkoagoa eskainiz. Hala, eskola ordu guztietan atzerriko hizkuntza honekin kontaktuan egoten dira ikasleak, Lizeoko Ingeleseko irakasleekin eta jatorriz ingelesdunak diren irakasleekin lan eginez.

LHko 5. mailan metodologi aldaketa nabarmena ematen da ingelesa irakasteko prozesuan, ipuinak lantzetik proiektuekin lan egitera pasatzen baitira gure ikasleak. Ingelesean murgiltzeko une aproposa, hortaz.

Eta horixe egin zuten, ikasturteko lehen bi astetan, gure ikasleek: sorginen inguruko proiektu bat landu zuten, Explorers 1-eko lehen unitateari jarraiki (Eleanitz proiektuaren baitako ikasmateriala da Explorers). Argazkietan ageri den moduan, sorgin bihurtu, edabe magikoak egin… gogotsu eta bikain aritu ziren guztiak, eta beti ingelesez!

“Murgilketa ekimen hau 2004-05 ikasturtean burutu zen estreinakoz gure ikastolan, eta balorazioak nahiz ebaluazioak oso positiboak izan dira beti. Esperientziak eta ikerketek diotenez, hizkuntzak ikasteko saio intentsiboak beharrezkoak dira; eta gu oso pozik gaude ikasturte hasierako murgilketa hamabostaldi honekin”, adierazi dute Lehen Hezkuntzako Ingeleseko irakasleek.