LOMCEREN KONTRAKO MANIFESTAZIORA JOATEKO AUTOBUSA

Espainiako Gobernuak onartu nahi duen LOMCE hezkuntza lege berriaren aurka larunbat honetarako Bilbon deituriko manifestazioarekin bat egin du Lizeoak. Hala, eta gauzak errazte aldera, Bilbora joateko autobusa antolatu du gure ikastolak.
Autobusa Donibanetik aterakoa da, 15:30ean, eta ohiko paradetan hartuko du jendea San Pedro bidean. Prezioa lau eurokoa da, eta autobusean bertan jasoko da dirua. Izena emateko, berriz, Lizeoko idazkaritzara deitu behar da, asteazkena 10 baino lehen.
Ikastolen Elkarteak ez ezik, hezkuntza mailako sindikatu guztiek eta elkarte ugarik deitu dute manifestazioa, Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! lelopean, eta 17:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik.

“Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko aurkakotasuna”, azpimarratu dute antolatzaileek. "Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformizatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu, eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten”.

Hezkuntza erreformarekiko desadostasuna adierazteaz gain, larunbateko manifestazioaren bidez antolatzaileek eskaera zehatza ere egin nahi diete Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzar eta gobernuei: “LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplikatu, eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela”.

Eta konpromisoa ere agertu dute antolatzaileek: “Hezkuntzako eragile ezberdinok konpromisoa adierazi nahi dugu eraso hauei guztiei aurre egingo dien eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso gehiago emateko”.

Horiek horrela, dei berezia egiten diogu Lizeoko ikasle, familia, hezkuntzako langile nahiz gure badiako herritar orori larunbat honetan Bilboko kaleak bete ditzagun.