GURASOENTZAKO ESKAINTZA BEREZIA PASAIAKO ETA LEZOKO EUSKALTEGIETAN

Pasaiako Udal Euskaltegia, Pasai Antxoko Txirrita AEK euskaltegia eta Lezoko Oroitzene AEK euskaltegia matrikulazio kanpaina bete-betean dabiltza. Ikasturte berrirako gurasoentzako ikastaro eta eskaintza bereziak prestatu dituzte, hain zuzen, nobedaderik handiena da Lizeoan bertan, goizez edo arratsaldez, euskara eskolak jaso ahal izango direla. Lizeotik hiru euskaltegietako batera gerturatzeko gonbita egin nahi dizuegu, dela euskara ikasteko, dela zuen maila hobetzeko.

Pasaiako bi euskaltegiek, BOKALErekin (Pasaiako Euskararen Aholku Batzordearen) elkarlanean, kanpaina indartsua jarri dute martxan. Trintxerpeko Gudarien plazan egindako aurkezpenean horrela adierazi dute: "Aurten gurasoek euskara inoiz baino eskurago izatea nahi dugu. Hori dela eta, haiei zuzendutako kanpaina berezia egiten gabiltza. Euskara ikasteko saioak seme-alaben zentroan bertan eskainiko ditugu Pasaiako Euskaltegiek, haiei egokitutako eduki eta ordutegiekin".

Edurne Urkiola Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendaria aurkezpenean izan da BOKALEko kide gisa, eta gure komunitateko etxeetako bizitzan euskarak presentzia handiagoa izateko desioa agertu du:  "Aspaldi konturatuta gaude ikastetxeetako irakasleok ezin dugula haur eta nerabeen euskalduntze prozesuaren pisu guztia guregan hartu. Hau da, ikastetxean ikasleek pasatako orduak ez dira nahikoa haur eta nerabeak euskara maila on bat lortzeko eta are gutxiago haien egunerokoan euskara erabiltzeko. Beraz, etxeko bizitzan euskarak presentzia handiagoa izatea oso garrantzitsua da haur eta nerabeek euskara bere egin dezaten".

Horregatik Lizeoko komunitateko gurasoei euskarara gerturatzeko deia egin die Urkiolak: "Gurasoak euskara ikastera animatzen ditugu. Pasaiako ikastetxeetan edo euskaltegietan haiei egokitutako ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute eta, asistentziaren baldintza betez gero, matrikula osoa itzuliko zaie. Beraz, gurasoen artean ere ¡Hazlo tuyo! mezua zabaldu nahi dugu, eta horretarako, gure ikastetxeetako familia guztiengana iritsiko da euskaltegietara gerturatzeko gonbidapena".

Lezoko Oroitzene AEK euskaltegiak bere aldetik, Udalaren laguntzaz, prezio bereziak eskainiko dizkie 12 urtetik beherako haurrak dituzten guraso zein aiton-amonei. Gainera, Pasaiako euskaltegietan bezalaxe, asistentzia ona edukiz gero aurreratutako dirua itzuliko zaizue.

 

Oroitzene AEK euskaltegia Donibane kalea 12, Lezo 943 519 144

Txirrita AEK euskaltegia Zumalakarregi 9, Pasaia Antxo 943 525 545

Pasaiako Udal Euskaltegia Euskadi Etorbidea 61, Trintxerpe 943 004 340