PEDAGOGIA SISTEMIKOAN SAKONTZEN
Larraitz Mendizabal Huitzi eta Aitziber Esnaola Arribillaga Lizeora gonbidatu ditu Orientazio Departamentuak. Irakasleen formazioan sakontzeko etorri dira eta lau saio egin dituzte gure irakasleekin: bi Haur Hezkuntzakoekin eta beste bi DBHko lehenengo ziklokoekin. Pedagogia Sistemikoan adituak dira biak eta gai desberdinak landu dituzte, adinaren araberako beharrak kontutan hartuta.
Horrela mintzatu zaigu Mendizabal Haur Hezkuntzako irakasleekin egindako formazioaren berri emateko: "Pedagogia Sistemikoaren oinarriak abiapuntu harturik, eskolan norberari dagokion lekuaz hausnartu eta bertatik, sistema ezberdinekin dugun harremanaz jardun dugu. Familia eta eskola komunitatearen arteko elkarlana dugunez xede, ikas komunitatean harremanetan dauden sistema ezberdinetan diharduten hurrenkera sistemikoak ezagutuko ditugu. Hau honela, egunerokoan, autoritate gisa ikasleen zaintza eta garapena ahalbidetzeko dugun arduraz hausnartu dugu".
Esnaolak, bere aldetik, DBH 1eko eta DBH 2ko irakasleekin lantzen aritu direna azaldu digu: "Zer da autoritatea izatea? Galdera honi erantzunez, autoritate gisa ikasleen zaintza eta garapena ahalbidetzeko dugun arduraz hausnartu dugu dinamika ezberdinak gauzatuz. Ondoren, Ikastolan burutzen diren bilera orokorrak zein bakarkakoak izan ditugu hizpide hiru hurrenkera sistemikoak oinarri hartuta".