ESKOLA-TRUKEKO IKASLEAK IRITSI BERRI DIRA

Ongi etorri gurera!

Herbeheretako gure lagunak Loiuko aireportuan lurreratu dira jada. Kostata, haizearen erruz bi lurreratze saiakera egin behar izan ditu pilotuak eta, ondorioz, ordubeteko atzerapenarekin iritsi dira. Eskola-trukearen bigarren zatia hasi da, beraz. Hilaren 16ra arte Lizeoan gora eta behera ibiliko zaizkigu Bisschoppelijk College Broekhin-eko ikasle-lagunak.

Gogoratu gure ikasleak Bloga egunero elikatzen ari direla. IRAKURRI HEMEN

Bete-bete dago gure bisitarien agenda. Ostiralean (martxoak 10), ikastolan bertan eta Donibanen pasako dute eguna. Hala, Lizeotik jaitsi eta euskal-pilota saioa egingo dute Donibaneko frontoian. Ondoren, gure ikasleek etxeetan prestatutako jaki euskaldunak dastatuko dituzte Yola elkartean. Larunbatean Bilbo ezagutzeko aukera izango dute. Egun pasa egingo dute, Bilboko zazpikaleetan ibiliko dira eta Guggenheim museoan bisita gidatua egingo dute. Igandea (martxoak 12), "family day" izango da. Ikasle herbeheretar bakoitzak egokitu zaion familiarekin pasako du eguna. Astelehenean (martxoak 13), Nafarroa aldera joko dute ikasleek. Eguneko lehen zatian Iruñera joango dira, entzierroaren ibilbidea ezagutuko dute eta alde zaharrean ibiltzeko aukera izango dute. Jarraian, Aralarrera joko dute naturaz gozatzera eta santutegia bisitatzera. Asteartean (martxoak 14), Donostia inguruan ibiliko dira. Hala ere, eguna Pasaian hasiko dute, Albaolan bisita gidatua egingo dute eta jarraian Donostiarako bidea hartuko dute. Donostian, Haizearen orrazia ikusiko dute Igeldora funikularrean igo aurretik. Gero, Donostiako parte zaharrean ibiliko dira eta eguna bukatzeko, Aquarium-era bisita egingo dute. Asteazkenean (martxoak 15), hango eta hemengo ikasleek, ekitaldi kulturala eskainiko dute Juanba Berasategi aretoan 18:00etatik 19:30era. Eguna Lizeoan emango dute ekitaldia prestatzen. Osteguna (martxoak 16), agurraren eguna izango da. 10:00etan Lizeoan bilduko dira ikasle guztiak agurra egiteko. Loiura bidea hartuko dute, 13:45ean hegazkina hartzeko.