Nekane Artola Labordetarekin elkarrizketa Hezkuntza Legearen aurreproiektuaz
Nekane Artola Labordeta, Lizeoko lehendakaria izateaz gain, Ikastolen Elkarteko lehendakari ordea ere bada. Gertutik bizitzen ari da aurten hezkuntzaren marko orokorrean gertatzen ari diren aldaketak. Horien inguruan aritzea da gaurko helburua.
Ikastarturte amaiera bidean, baloraziorik?
Gelaburuekin martxoan gai honi buruz hitz egiteko elkartu ginenez geroztik, Hezkuntza Legearen aurreproiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta Legebiltzarrera bideratuta dago.
Balekoa den hezkuntza lege aurreproiektu bat dugula esan dezakegu baina oraindik ere zer hobetu baduela uste dugu. Positibotzat jotzen dugu lehenengoz, publikotasun eredu berri bat definitu eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia jasotzea. Edo Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egongo diren ikastetxe guztien finantzaketa bermatuko dela adieraztea, doakotasun erreala ziurtatuz.
Euskararen inguruan ere aurrerapauso batzuk ematen dira. Aurreproiektuak aipatzen baitu neurriak hartuko direla euskararen erabilera bultzatzeko, eskola-komunitatearen motibazioa sustatzeko eta ikasleen arteko harremanetan euskararen erabilera indartzeko. Euskararen minorizazio egoera aitortu da eta ondorioz C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko da irakasle guztien artean. Edota ikasleek DBH amaitzerakoan euskararen B2 maila lortu beharko dutela aipatzen da.
Baina hutsune nabarmenak ere baditu gure ustez. Zehaztapen falta da gehien kezkatzen gaituenetako bat, izan ere gai garrantzitsu gehiegi araudi bidez garatzeko geratzen dira. Publiko-pribatu dikotomia ez du gainditzen. Doakotasun printzipioa zehazten bada ere, ez da inon aipatzen doakotasun hori burutzeko modua, ezta erabiliko diren baliabideak ere. Ez du gobernantza eredu berririk planteatzen eta ez du haintzat hartzen ikastolen kooperatiba izaera. Euskara eta euskal kulturan ardaztutako hezkuntza sistema bada helburu, “gehiago” behar du lege honek alor honetan, zehaztapen eta ausardi handiagoa. Legeak ez du Euskal Herria bere osotasunean jasotzen eta gauza bera gertatzen da euskal curriculumarekin, aipatu ere ez baita egiten.
Beraz balekoa bai baina hutsune nabarmenak dituen lege aurreproiektu baten aurrean gaude eta guk ahalik eta lege hoberena nahi dugu.
Hezkuntza Legea onartu bitartean, nola ari da Hezkuntza Saila?
Hezkuntza Sailarekin harreman zuzena izan dugu azken hilabeteotan. Baita hezkuntza akordioa sinatu zuten gainontzeko alderdien ordezkariekin ere. Beti erakutsi dugu adostasunetara iristeko eta elkarlanean aritzeko borondatea. Lege zirriborroari ekarpenak egin genizkion eta orain ere alderdi eta eragileekin harremanetan gaude gure iritzia eta ekarpenak helarazteko.
Baina azken hilabeotan dekretu eta agindu desberdinak argitaratu dira. Eta ezinegona sortu digu Hezkuntza Sailaren jarrerak.
Dekretuez ari zarela, 23/24rako onarpen dekretua zeresana ematen ari da.
Bai. Egia da aurrerapauso ausarta jasotzen zuela dekretuak ikasle zaurgarrien banaketa orekatuaren inguruan, eta horretan hezkuntza eragile guztiek egiten genuen bat.
Kontua da, printzipio orokor horiek aplikatzerakoan, alde batetik, ikasle edo familia baten zaurgarritasuna kalkulatzeko erabili den modua ez dela argia izan, eta bestetik lekuan lekuko egoerak aintzat ez direla hartu sentitzen dugula kasu batzuetan. Hauen inguruan zaila egiten ari zaigu Hezkuntza Sailarekin adostasunak bilatzea.
Halere, Ikastolen Elkartean uste dugu, bide honetan lanean jarraitu behar dugula. Lizeoan aniztasunaren aldeko apustua egina dugu aspaldi eta, orain beste pausu batzuk ematea tokatuko da. Kontua da, ematen diren pauso horietan adostasunak bilatzea eta urratsak elkarrekin ematea.
Lizeoan, izan al du eraginik?
Gurera etorrita, eragin eremuen osaerak eman du zeresan handia. Badiaren inguruko errealiate geografikoa berezia da, eta Pasaiari lotuta dauden Donostiako zenbait kaletako familiak, izatez, eta eguneroko bizitzan Pasaitarrak direnak, administratiboki donostiarrak dira. Administrazioek (Udalak, Osakidetzak,.. ) beren zerbitzuak eskaintzerakoan kasu askotan ez dute bereziketarik egiten. Hezkuntza Sailak ere, lehengo urteko onarpen prozesura bitartean, onartuta zeukan mugakideak diren kale horietako bizilagunek bi eremuetan gertutasunagatik puntuak lortzea.
Aurten, baina, eragin eremuen planteamendua aldatu egin da. Gurea Pasaia eta Lezok osatzen dute, eta mugakideak diren kaleek ez dute inolako aitortzarik. Egoera honek, zailtasunak suposatu ditu onarpenean. Ikastolak eskatuta zeukan kale horietako bizilagunen egoera aintzat hartzea, baina Hezkuntza Sailak ez zuen onartu, eta horrek ondorioak izan ditu. .
Orain ere eskaera egin dugu, bai ikastolak eta baita familiek ere, baina erantzunaren zain jarraitzen dugu. Zaila egiten ari zaigu guztioi ere egoera hau, eta lanean jarraitzeko premia sentitzen dugu.
Eta aurrera begira zer?
Alde batetik lege berri baten atarian gaudela esan dezakegu, hezkuntza sistema osoa arautuko duena. Beraz, horrek aldaketak ekarriko ditu administrazioa eta ikastolen arteko harremanean.
Bestetik, gizartean ematen ari diren aldaketak ditugu: teknologien eragina, hizkuntza eta kultura hegemonikoen eragina, jaiotze tasaren beherakada, etorkinen etorrera, kontsumismoa, ziurgabetasun ekonomikoa..
Beraz, aldaketa hauen aurreran aukerak zabaltzen zaizkigu berriro ere gure baitako kokapen bat abiatzeko. Argitu behar baitugu ikastolok ondorengo urteotan euskal gizarteari egin nahi diogun ekarpena. Ikastolek beti izan dute, bere nortasuna ahal den neurrian mantenduz, garai berrietara moldatzeko gaitasuna. Eta orain ere badagokigu egokitzapen hori egitea. Horrek ez du esan nahi gizartearen joerak bere horretan bereganatu behar ditugunik, baizik eta aldaketek ematen dizkiguten aukerak baliatu behar ditugula gure eskaintza egokitzeko.
Eta ikastoletaz ari garenean Euskal Herriko ikastola guztietaz ari gara, 113ak, Ipar zein Hego Euskal Herriko ikastolak. Gogoeta partekatua egitea dagokigu eta talde moduan aurrera begira jarri.
Datorren ikasturtean, beraz, gogoetarako tartea hartu eta Ikastolen VII batzarrarekin bukatuko den hausnarketa prozesua abiatuko dugu.