Iraide Mitxelena garaile, poesia alorrean, Madalen Literatur Sarietan

Ikasturte honetan hirugarrenez garaile izan da gure ikasle Iraide Mitxelena Rivero literatur sarietan. Azkue eta Urruzuno sarietan, poesia alorrean, irabazi ondoren, gaur jakin dugu Errenteria-Oreretako Madalen Sariko irabazle izan dela Koherentzia besterik ez zitzaigun falta lanarekin. Jarraian duzue poesia irabazlea irakurgai.

Zorionak Iraide

 

 

 

KOHERENTZIA BESTERIK EZ ZITZAIGUN FALTA

Buruz behera jausitako
tostadak nutellaz zipriztindu dit
kontzientzia,
koherentzia,

eta sakelekoaren pantailako pixel hilek
nire barrenaren hutsala seinalatu didate
makaltasunez blaitutako ene garun
bizkarroiari barre eginez.
Senaren gorentasuna zedarrituz,
lanbroaren murmurioaren konpasean
kartografiatu dut bere ezereztasun entropikoa
erretinaren sakontasunean.
Utopiaren printza zirikatzaileek erail naute!
…bere zerizanarekin horditzeko saiakera antzuan…

Xuxurla iezadazu…

nola askatu itxurarik gabeko moldeetan gatibatutako prefabrikatutako ametsak
nola seduzitu sentiberatasuna honek bihotz deslaietan eiakulatzen badu
nola desitsatsi pareteko txikleetan ostendutako ahaire ebakiezinak
nola zizelka dezakedan ametsen lirikotasuna errealitatearen pentagraman

Apika
logika
ez da ari aldarrika
lirika.

Usteak ustelak balira bederen…
Zertarako jakin malkoen azidotasuna,
tanten mingostasunak araztasuna badagit?
Zertarako izan “Alaitasunaren Oda”-ren bemolak aztergai,
melodiak barnea itzartzen badit supituki?

Inperfekzioak kitzika ditzala gure begi-niniak asmatzeke dauden koloreekin!
…niri irrazionaltasuna ari duenean euritakoa ez zait laket.

Wolff, ate joka etengabe habilkit,

ni dutxan
kasik deskuidoan
operako sopranoa bainintzan

kantari
akaso orrolari.
Ene desafinazio katastrofikoa
bekik gidari,
hi,
kalakari!