Urteko Batzarra: proposamen guztiak onartu, eta artezkaritza kontseilua berritu da
Pasa den ostegun arratsaldean izan genuen Pasaia-Lezo Lizeoko urteko batzar orokorra, eta aurkeztutako hiru proposamenak onartu ziren aldeko botoen gehiengoarekin.
Nekane Artolak, Lizeoko lehendakariak, eman zion hasiera batzarrari. Ikastolen Elkarteko lehendakari ere badenez gero, lehen eskutik azaldu zituen Ikastolen Elkarteak berriki egindako Zazpigarren Batzarrean adostutako ildoak eta ikastolen etorkizuneko erronkak.
Batzarrari dagokionez, hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu zen. Lehena, aurreko ikasturteko balantzea. Bigarrena, 24/45 ikasturteko gestio ildoak eta aurreikuspen ekonomikoa aurkeztea; eta hirugarren puntu gisa, Artezkaritza Kontseilua berritzea. Batzarrak hiru proposamenak onartu zituen.
Gestioari dagokionez, lehen bi puntuak Iker Vidal eta Aitor Salaberria zuzendariek aurkeztu eta defendatu zituzten, eta Peio Egaña, Lizeoko gerentea, arduratu zen arlo ekonomikoa azaltzeaz. Artezkaritza Kontseiluaren berritzeari dagokionean, kide berriak aurkeztu ziren, eta batzarkideek izendapenak berretsi zituzten.
Hala, Artezkaritza Kontseiluan izango dira aurrerantzean Tania Trecet, Izaskun Moreno eta Edurne Emazabel bazkide erabiltzaileak, eta Elixabete del Pozo lan bazkidea. Era berean, eskerrak eman zitzaizkien Arantxa Etxeberria, Edurne Baztarrika, Iraitz Oiartzabal eta Jon Arzaki, orain arte Artezkaritza Kontseiluan egindako ekarpenagatik.
Jarraian, Komunitatearen Ahotan atalak protagonismo berezia izan zuen, Lizeoko hiru proiektu zein baino zein interesgarriagoak aurkeztu zirelako:
Alde batetik, Lezoko Errota guraso taldeko Ane Aznarrek “Heldu Euskarari” proiektuaren berri eman zuen. Errotako kideek bideo sorta bat osatu dute Lizeoko komunitateko kideen artean euskararekiko loturak sendotzeko, eta hilabetean behin ari dira sareratzen, esaterako, batzarrean ikusitako Saioa eta Pieroren bideoa.
Asier Folgado eta Xabi Murua heziketa fisikoko irakasleak, bestetik, Gorputz Hezkuntzako irakasleen mintegiaz aritu ziren. Ikastolen Elkarteak eta Lizeoak Lezon eta Donibanen antolatutako zuten formazio saioa, ura ardatz izanik, eta ikastolaren inguruko natur baliabideak azpimarratu zituzten, baita horiei erabilera nola ematen zaien adierazi ere, Lehen Hezkuntzatik hasita Bigarren Hezkuntzaraino.
Bukatzeko, Sara Lizarzak Mater Itsas Museoaren “Itsas Hondakinen Erronka” proiektua azaldu zuen, eta DBH 3ko ikasle zirela ekimenean parte hartu eta eraldaketa proiektu interesgarriak martxan jarritako ikasle taldeek hartu zuten hitza. Egun DBH4n eta Batx 1en dauden arren, ederki kontatu zizkiguten hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko edo jendea kontzientziatzeko haien proiektuen nondik norakoak.
Hurrengo erronkei begira, Lizeoaren balio nagusiak —euskararen sustapena eta euskal kulturaren transmisioa, hezkidetza, ingurumenarekiko ardura, eta auzolanaren bidezko hezkuntza komunitarioa— lehen lerroan izaten jarraituko dugu.