Iker Linazasorok egin du aurten etxeetara bidali dugun postala. Sortze prozesuaz aritu zaigu
Iker Linazasoro ikasle ohiak egin du aurten gure komunitateko etxe guztietara iritsi den eguberriko postal ederra, urtero postala diseinatzeko lana lagun berri bati enkargatzeko erronkari eutsiz. Brotxa artean lanean ari zela tarte bat eskaini digu eta harekin izan gara postalaz, marrazkilari izateaz eta Lizeoaz hitz egiten.
Iker Linazasoro: “Ni Lizeoan oso zoriontsu izan nintzen, oso oroitzapen ona daukat”
Hasteko, Iker, aurkeztu pixka bat zure burua. Lizeoko ikasle ohia zarela badakigu. Zertan aritu zara zure ibilbidea Lizeoan bukatu ondotik?
Jaiotzez Bidebietakoa naiz, eta haur eskolara, Herrerakoak eta Bidebietakoak ginenok San Pedrora bidaltzen gintuzten, gero urtebete egin genuen Beraunen eta jarraian Lizeora joan ginen. Han COU arte egin nuen. Eta Lizeotik atera ondoren, ba, pizzero, banatzaile, pakete biltzaile… Diseinu grafikoa ikasi nuen eta jarraian hasi nintzen marrazki bizidunak egiten Irungo Dibulitoon-en. Sei-zazpi urte inguru aritu nintzen han. Gero, EITBn ere aritu nintzen eszenarioak muntatzen, attrezzoan, eszenatokiak margotzen. Hor asko ikasi nuen. Hortik irten eta nire enpresa sortu nuen bi lagunekin. Brotxa lodiko lanak egiten ditugu eta baita brotxa finekoak ere, muralak eta abar.
Muralgile lanetan aritzen zara, beraz, Lizeoko zein pareta apainduko zenuke gustura? Eta zer margotuko zenuke?
Zer margotu ez dakit. Gogoratzen dut nire garaian sotoa oso leku iluna zela. Igual orain aldatuta dago, e! Hor paisaia argitsu bat margotuko nuke, sakontasuna eta argitasuna emateko.
Diseinatu duzun postalaz hitz egin dezagun: Lizeoaren eskaera, sorpresaz hartu duzu?
Bai, sorpresa handia izan da, batez ere ez nekielako horrelako proposamenak egiten zenituztenik.
Zein teknika erabili duzu postala diseinatzeko?
Eskuz marrazten dut beti, errotulatu ere eskuz. Gero eskaneatu eta ordenagailuarekin eman diot kolorea.
Eta zer adierazi nahi izan duzu sortu duzun marrazki eder horrekin? Zein mezu transmititu nahi izan duzu postalaren bidez?
Hasteko, Olentzeroren eta Mari Domingiren topikotik irten nahi nuen. Ez naiz oso gabonzalea, baina Gabonetatik gehien gustatzen zaidana santomas eguna da. Hortaz, festa horri buelta ematea pentsatu nuen. Txerriak zozkatutako figurak izan ohi dira eta marrazkiaren bitartez haiei festan ibiltzeko baimena eman diet, txerriak dira orain festan ongi pasatzen ari direnak.
Marrazkilaria zara, zer esango zenioke marrazkilari izan nahi duen ikastolako gaur egungo ikasle bati?
Posible dela. Zaila dela, baina posible dela. Garrantzitsuena da nortasuna izatea. Aurrera ez du egingo hoberen marrazten duenak baizik eta bere marrazkiekin zerbait transmititzen duenak, bere marrazkietan nortasuna azaltzen duenak. Ahal duen teknika guztiak ikasi ditzala, esperimentatzea eta, lan guztietan bezala, asko entrenatzea.
Lizeoan pasatako urteetatik zer da gehien gogoratzen duzuna? Anekdotaren bat kontatu nahi baduzu, orain duzu aukera…
Buaaaaa, ni Lizeoan zoriontsua izan nintzen, oso zoriontsua, oso oroitzapen ona daukak eta oso lagun onak ditut. Gainera, gure azken urtean asistentzia librea utzi ziguten, hura oporretara joatea bezalakoa zen! Gero hori kendu egin zuten! kar, kar!
Parisera egin genuen bidaiaren oroitzapen ikaragarri ona daukat. Beste mundu bat ezagutzeko aukera eman zidan. Oso-oso ondo pasa nuen.
Lizeoaz gogoratzen naizenean pena pixka bat ere badatorkit nire gelako oso lagun handi batzuk falta direlako. Argazkiak ikusten ditudanean sentitzen dut kristoren poza batetik eta pena ere bai. Baina, orokorrean oso zoriontsu izan nintzen han!
Orain Donibanen bizi naiz eta mendira noanean Lizeotik pasatzen naiz, platanitotik pasatzen naiz, xapaburuak dituen urmael bat dagoela ikusi dut, lasai egoteko txokoak… oso polita dago, oso “kuki” utzi dute!