Itsas hondakinak murriztea helburu

ITSAS HONDAKINAK MURRIZTEA HELBURU

Lizeoko DBH 3ko ikasleak Itsas hondakinen erronka proiektuan parte hartzen ari dira estreinakoz ikasturte honetan, EkoFish egitasmoaren baitan. Itsas hondakinak gutxitzea du xede, eta, horri begira, gazteak ahalduntzea eta protagonista bihurtzea; hau da, itsas hondakinen arazoa gizakiok sortua den neurrian, gazteek beren erronka propio gisa sentiaraztea eta konponbidearen bilaketan motibatzea.

IKASLEAK, ERAGILE

Itsas hondakinen artean plastikoak, egurra, metalak, beira, goma edota papera aurki daitezke, baina ugariena, beti ere, plastikoa da: hondakinen %70 baino gehiago. Gainera, plastikoa inoiz ez da guztiz desagertzen itsasoan; zati txikietan zatitu baino ez, baina erabat suntsitu gabe, eta mikroplastikoak sortzen dira. 

Horretaz guztiaz ederki asko jabetu ziren gure ikasleak, bertatik bertara, urtarrilaren 15ean eta 17an Pasai Donibaneko Alabortza kala garbitzen aritu zirenean. Irteera hartan jasotako emaitzak aplikazio batean sartu zituzten ondoren, Iberiar penintsula osoko hondartzen hondakin datuak biltzen dituena.

Orain, berriz, edukiak lantzen ari dira geletan. Eta aurrera begira, hainbat eratako proiektuak diseinatu eta garatu beharko dituzte, itsas hondakinen arazo larriari soluzioak emate aldera.