ELKARTASUNEAN OINARRITUTA ERAIKITZEN DUGU KOMUNITATEA
Guraso batek Ikastolen Elkarteko ikastetxe bat hautatzen duenean bere seme-alaben hezkuntzaz haratago doan konpromisoa hartzen du. Elkartasun sare baten parte aktibo bilakatzen da. Horren adibide garbia da Ikastolen Elkartasun Kutxa egitasmoa.
Lizeoak, urtero, ikasle bakoitzeko 15 euro ematen dizkio elkartasun kutxari. Behar handienak dituzten ikastolek eskaera egin eta Ikastolen Elkarteak erabakitzen du kutxan bildu den diruaren banaketa. Eman eta jaso.
Aurten 784.324 euro banatuko ditu elkartasun kutxak. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Seaskak, Baionako Estitxu Robles ikastolak eta Kanboko Ikastolen Etxeak jaso dituzte laguntzak. Nafarroan, Tuterako Argia Ikastolak, Lodosako Ibaialde Ikastolak eta Berako Labiaga ikastolak jasoko dute elkartasun kutxaren laguntza. Arabako kasuan, Bastida ikastola eta Trebiñuko Argantzun ikastola izango dira aurtengo onuradunak. Azkenik, Bizkaian, Bilboko Harrobia ikastolak eta, Gipuzkoan, Ibarrako Uzturpe ikastolak ere jasoko dute laguntzaren zati bat.