Haurrek eta gazteek antolatutako asteburu oparoa!

Azken hiru ikasturteetan gure ikasleek Pasaiako ESKUBIDEAN PROGRAMAN parte hartu dute. Pasaiako bizitzan HAUR ETA GAZTEEN PARTE HARTZEA indartzea du programa honek helburu eta ikastolan bertan eta herrietan udal teknikariekin elkarlanean zenbait ekimen aurrera atera dituzte orain artean. 

Ekimen horien artean daude asteburu honetarako prestatutakoak: 

MAIATZAREN 22an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera haurrek diseinatutako Pasai San Pedroko jolasgune berriaren inaugurazioa izango da. Horretarako, Parkour ikastaroa eta Ping Pong txapelketa antolatu dituzte. Bi ikasturtetako lana izan da jolasgunea diseinatu, beraien arteko adostasunak bilatu eta jolasgunea bera eraikitzea (zenbait zati auzolanean egin dituzte). Herritar guztien gozagarri da hemendik aurrera!

MAIATZAREN 23an, igandean, herri garbiketa izango da Pasai Antxon goizeko 11.00etatik aurrera. Aurten ingurumenarekin kezkatuta lanean ibili den taldeak antolatu du ekintza hau eta Pasaia garbiago bat nahi dugu herritar guztiak deitu gaituzte beraiekin batera lan hau egitera. Lizeoko ikasleez gain La Anunciatakoak ere arituko dira, eta Trintxerpen ere deialdia egin dute Karmengo Amako ikasleek. Beraz, badugu non erakutsi gure inguruaren zaintza egiteko prest gaudela!

EKAINAREN 11ean, ostiralarekin, aurten programan parte hartu duten DBH 1 zikloko ikasle guztiak Antxora joango dira Udaleko zerbitzuetako langileekin batera auzolanean ikastola inguruko kirol azpiegiturak konpontzera. Honen helburua azpiegitura konpontzeaz gain, zaintzaren gaineko hausnarketa egitea. 

Ekimen hauez gain, aurten lanean aritu diren beste taldeek ere makina bat gauza egin dituzte. Kirolean nesken parte hartzeko aukera zenbatekoa den aztertzeko galdetegia, Udalari eskaera gazteentzako espazio propioak egokitu ditzan, Antxoko frontoian jolasean aritzeko ordutegia zabaltzeko eskaera, Donibanen kirol gune berri bat egokitzeko proiektua, gazteentzako zinema martxan jartzeko proiektua, aisialdi eskaintzak handitzeko ekimena….

Ikasturte emankorra izaten ari da aurtengoa, eta hurrengo ikasturtean ere lanean jarraitzeko asmoa dugu, ikusten baitugu gure ikasleak, ahots propioz, toki bat egiten ari direla udal bizitzan. 

Horrez gain, KUADRILLATEGIN ari diren gazteak ere zenbait antolatzen ari dira ikasturte bukaerara begira. Horrela, San Pedroko taldeak feriak antolatu du larunbat honetarako. Goizeko 11.00etan hasiko da frontoian. Antxoko taldeak bat egingo du herri garbiketa egunarekin bertan ere zenbait jolas antolatuz. Trintxerpeko taldea Ludotekako umeentzat jolasak prestatzen ari da eta Donibaneko taldeak dokumental baten grabaketa parte hartzeko asmoa du. 

Haur eta gazte arduratsuak eta kementsuak zalantzarik gabe. Aitortu diezaiegun egin duten lana antolatu dituzten ekintzetan parte hartuz!! Bejondeiela!!