Uxue Armental Barandiaranek Azkue Literatur Saria irabazi du
Euskaltzaindiak ekainaren 1ean banatu ditu 11 eta 18 urte bitarteko Euskal Herriko ikastetxeetako gazteei zuzendutako Resurreccion Maria Azkue Literatura Sariak. Sarituen artean Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergo 2. mailako ikasle den Uxue Armental Barandiaran dugu. Berau izan da 16-18 urte arteko adin tartean, Olerki sailean, lehen saria irabazi duena Munduari azaleratu olerkiarekin.
Guztira 353 parte hartzaile aurkeztu dira aurtengo lehiaketan, eta epaileek azpimarratu dutenez, “bizitza kontatzeko grina” sumatu dute idazle gazteengan: “Bizirik daudela oihukatu dute, isil bezain ozen”. Ildo horretan, gailendutako lanak “taupada idatziak” direla adierazi dute epaileek, idazle gazteak ahalegindu direlako “kontatzen, esaten, aldarrikatzen, aitortzen, oihukatzen...”
Uxue aurretik Azkue saria irabazi duten Lizeoko ikasleen multzoan sartu da. Multzo ugaria da eta urrutira joan gabe, iaz hain zuzen ere, nahiz eta COVID garaia zela eta gehiegi ez nabarmendu, Amaiur Puente Oterok, Batxilergo 2ko ikasleak, Itsualdia ipuinarekin prosari zegokion 1. saria irabazi zuen, baita Urruzuno literatura lehiaketako sari bat ere.
Munduari azaleratu olerkia 2020-2021 ikasturteko Txanpa Literarioan argitaratua baduzue ere, hemen ere irakurgai daukazue, Amaiurren iazko Itsualdia ipuinarekin batera.
Gozatu, bada, gure gazteen uzta oparoarekin.
Eutsi horri! Bejondeizuela gazteok!
MUNDUARI AZALERATU
Zaila da ohartzea ezberdina zarela,
bakardadea.
Mundua besteentzat eraikia dagoela ikustean,
etsipena.
Mila buelta eman behar izatea besteek bakarra ere ematen ez diotenean,
pentsatzea.
Liraina zarela esan eta zergatik ezkongai zauden galdetzean,
deserosotasuna.
Oraindik gizonezkoekin egona ez zarelakoan, ez dakizula zer den ona entzutean,
nazka.
Guraso eta lagunen aurrean zu zeu ez izan, arbuiatu ez zaitzaten,
beldurra.
Besteen aurrean zure benetako izaera eta gustuak ezkutatzean,
lotsa.
Besteen begiradak gainean sentitzean,
presioa.
Besteenganako ezberdina ez izateko, hauei korrontea jarraitzean,
uzkurtasuna.
Zure bikotea dela jakin arren, “laguna” deitzen diotenean,
mina.
Kanpoko zenbait herrialdek heriotza zigorrak aplikatzean,
tristura.
Gehien maite duzun pertsonaren eskutik ibiltzean,
deseroso.
“Armairu” baten barruan egon besteak kanpoan jaio direnean,
artegatasuna.
Dena aldatzen da “armairu” horretatik ateratzen zarenean,
askatasuna.
Konturatzen zarenean printzesa guztiak printze baten atzetik ez dabiltzala,
itxaropena.
Gizarteak eraikitzen duen normaltasunaren aurka joatean,
indarra.
Zure besarkada jaso eta munduak pentsatzen duena ahaztean,
zoriona.
Uxue Armental Barandiaran
Azkue Literatura Lehiaketako Olerki saileko 1. saria
ITSUALDIA
Londres, 2044ko abenduaren 17a
Besoa maindire azpitik atera eta mesanotxea haztatzen dut botoia sakatu arte. «Goizeko bederatziak eta zazpi»informatzen dit erloju adimenduak. Ahots metalizatuaren esanei jaramonik egin gabe, burua burkoan hondoratzen dut eta neure pentsamenduetan murgiltzen naiz, azken urte honetan egin dudan legez. Hori da nire ustetan, behintzat, igaro den denbora.... Urte bat. Duela urtebete honezkero Komunen Ganberan egon nintekeen, agure garrasi zaleez inguratuta. Duela urtebete, nire izena Erresuma Batuko kazeta eta albistegi guztietan azaltzen zen. Duela urtebete emaztearekin borrokan arituko nintzatekeen, gau horretan ikusi beharreko filmari buruz. Alferrikan, jakina. Love Actually ateratzen zen beti garaile, Gabonak ez baziren ere.
Duela urtebete, nire bizitza aski normala zen. Orain, ordea, dena galdu dut. Boterea. Garrantzia. Emaztea. Pelikulak. Eta baita ikusmena ere, Lur planetako beste zazpi mila milioi eta zenbait biztanlerekin batera.
Itsualdia izena jaso zuen planeta osoan (eta ez Ameriketako Estatu Batuetan soilik, zientzia-fikziozko film eta liburu distopiko eta post-apokaliptiko guztietan ikusten den bezala) eragina izan zuen fenomenoak. Isilean jaio zen, Hegoaldeko Asian; India, Bangladesh, Pakistan eta Afganistan. Hirugarren Mundu Gerrako hondamendi nuklearraren aztarna berankorrekin lotu genuen tupusteko ikusmenaren galera orokortu hura; Estatu Batuek Ipar Koreari atxikitu zioten Itsualdiaren erantzukizuna, baina gatazka berri bat ekiditearren, eta herrialde asiarra duela zortzi urteko gudan suntsitu zela jakinik, ez zitzaion aparteko garrantzirik eman arazoari. A ze hutsa, barkaezina!
Itsualdia laster barreiatu zen, mexikar, ukraniar, australiar eta mundu osoko biztanleen begiak bat-batean erretzen den bonbilla bat bezala itzaliz. Orduan larrialdi-egoera deklaratu zen, eta Itsualdiak, begirunerik gabe -hitz-jokoa baliagarria bedi-, planeta burusi ilun batez estaltzen zuen bitartean, Nazio Batuen Erakundeko estatu operatiboek biziraupen plan bat moldatzen ahalegindu ziren. Negoziaketak latzak eta tirabiratsuak izan ziren, eta alferrikakoa da huts egin zutela esatea.
Alferkeriari aurre egin eta salto batez ohean esertzen naiz. Bederatziak eta hogeita bost dira. Makil zuria eskuratzeko luzatzen naizenean, ustekabeko izpi batek buruko mina eragiten dit. Ez da itsutasunean iluntasun amaiezinarekin batera ikusten ditudan zetaka psikodelikoak bezalakoa; iraunkorra da, sendoa, ziztatzailea. Betazalak altxatzen ditut, astiro, kostata eta beldurrez. Eguzki-izpi batek bete-betean jotzen dit, eta burua alde batera egin behar dut. Arraioa!
Hatzak koltxoian iltzatu eta begiak kliskatzen ditut, sinistu ezinik. Pixkanaka mesanotxearen, alfonbra koloredunaren eta nire pantuflen irudi lausotuak ikusten ditut. Behin nire begiek aurrean dudana enfokatzea lortzen dutenean, ohetik altxa eta aitaren batean eskuratzen ditudan lehenengo arropak janzten ditut, hatz dardartiez. Ate nagusia erabat ireki eta 10 Downing Streeteko eskailerak estropezuka jaisten ditudanean, zeharo lur jota gelditzen naiz. Egia da Europatik irten zenetik Londresek ez duela lehengo lepotik bere burua, baina ez nuen jende asko ibiltzen zen kalea mortu aurkitzea espero. Ez al dute ikusmena berreskuratu izana ospatu nahi?
Kalean barrena ibiltzen hasten naiz, Westminsterreko abadiarako bidean. Begirada zeru ilunera altxatzea otutzen zait, euria egingo duenentz frogatzeko. Don’t tell them you can see, dio hodeien artean azaltzen den holograma modukoak. Horregatik ez dut inorekin topo egin bidean zehar? Zeintzuk dira haiek? Ezkutatu beharko nuke, ala oinez jarraitu? Inor zelatan baldin badago dagoeneko ikusi behar izan nau; ezaguterraza naiz oso, beraz, zauritu nahi izan banindute, hilda egongo nintzatekeen dagoeneko. Arrazoibide zoro hori jarraituz, zubia gurutzatu eta London Eye-ra gerturatzen naiz, hausnartzeko giro egokia lortzeko asmotan. Txartel-leihatilara iristen naizenean, ordea, pikutara doaz James Bond-en erako nituen plan guztiak.
Tokian izoztuta gelditzen naiz erabat, begirada aurrean dudan neskarengan iltzatuta. Bera, era berean, salmenta bulegoaren kristalezko paretara arrimatzen da. Ikus nazake, zalantzarik gabe, baina bere imintzio larrituak ikusirik haietako bat naizen ustea izan behar du. Berarengana gerturatzen naiz, bost urteko agintaldiak irakatsi dizkidan pazientzia eta kontuarekin. Mesfidantzaz behatzen du luzatzen ari natzaion eskua.
—Walter Dixon naiz, Erresuma Batuko Lehen Ministroa.
Sorginkeria bat esan berri banu bezala, neskak bere jarrera autodefentsiboa utzi, bostekoa ematen dit eta bere burua aurkezten du, nik egin dudan moduan.
—Irina Anderson, astrofisikaria eta NASAko astronauta.
Zer esan jakin gabe begiratzen diot. NASA? Urteak dira, britainiarrok Europatik atera eta iparamerikarren Aliantza Handiari batzeari uko egin genionetik, bi herrialdeen arteko harremana erabat suntsituta dagoela. Nola demontre heldu da Londresera? Irinak, nire erreparoa nabarituta, bere burua desenkusatzen du.
—Nazioarteko Espazio Estazioan ibili naiz azkeneko urte eta erdian, energia iluna aztertuz. Aginduak jasotzeari utzi genion eta ezin izan dugu orain arte lur hartu. Orbitan genuen kokalekuaren ondorioz hemendik pare bat miliatako distantziara erori ginen, orain duela bi gau. Nire kide bat, komandantea, momentuan hil zen. Besteok zaurituak gaude, baina bizirik, bederen —etenaldi bat egiten du, ezbaian—. Zer gertatu da hemen? Zer esan nahi du zeruko mezu horrek?
Dauzkadan aukera guztiak aztertzen ditut. Gauzak dauden bezala, ezin diot beharbada hogei miliatako erradioan aurkituko dudan pertsona bakarrari bizkarra eman. Herenegun berak kontatu didan istorioarekin bat datorren trumoi baten antzeko dunbotsa aditu nuen, hortaz, egia esaten ari da. Eta britainiarra naiz, jainkoarren. Ezin dut betebeharraren zentzuan amore ematea saihestu. Lagundu egin behar diot.
—Eraman nazazu zure kokalekura, eta ahal dudan neurrian zalantza guztiak argituko dizkizut.
Kalaka luze eta sakon baten ostean Tower Bridgera iristen gara, gutaz gain gizakirik ez agerian. Zubiko dorre batera igotzeko gaudenean, haize bolada batek Irinaren ilea nahaspilatzen du. Aitaren batean orrazten du, baina bere garondoko tatuajea ikustera iristen naiz. Izar gorria, zirkunferentzia urdina inguruan, Irinaren azalak ordezkatutako fondo zuria… Aliantza Gorriaren ikurra dirudi, Ipar Koreak Hirugarren Mundu Gerran erabilitakoa. Baina… ez du zentzurik. Zergatik…? Nolatan…? «Amerika Kapitainaren ezkutuaren sinbolo alderantzikatua izan liteke», pentsatzen dut. «Ez du zertan ezer esan nahi. Ustekabe bat da, frikada bat besterik ez».
Atzean uzten dudan eskaloi bakoitzeko errepikatzen dut hura, baina ezin dut susmo txarra uxatu. Nola edo hala, beranduegi da atzera egiteko; beraz, bihotz hartuta zoru gardenetako pasabidera jarraitzen dut Irina. Turistaz gainezka ikustera ohituta, gogoratzen nuen baino zabalagoa da. Erdibidean, lurrean eserita, dozena bat pertsona daude, asiarrak guztiak. Txinatarrak, vietnamdarrak, thailandiarrak, batek daki! «Errusiarrak eta iparkorearrak besterik ez dira falta Aliantza Gorria osatzeko», otutzen zait, olgetan-benetan. Irinak atzera egiten duen aldi berean, asiarren artetik hogeita bi-bat urteko mutikoa altxatzen da. Txinatar erako begiak ditu, masail potolo samarrak eta irribarre maltzurra. Bere ile mozketa bereizgarriak nire aurreneko susmo txarrak areagotzen ditu, bere burua aurkezten duenean guztiz baieztatzen direnak.
—Ongi etorri, ministro. Kim Jong-Seun naiz. Denbora luzea daramat zu ezagutu nahian.
Begirada atzera botatzen dut, Irinak eta ez dakit nondik atera den gizon ilehoriak bidea mozten didatela ikusiz. Kale itsuan nago.
—Spasibo, Irina i Ivan. Ty mozhesh' uyti.
Aipatuek buelta eman eta eskaileretatik behera desagertzen dira, eta hizkuntza ezezagun batean mintzatu ostean, berdin egiten dute gainontzekoek. Bakarrik gelditzen gara, eta ezer esan gabe, Kim Jong-Un diktadore ohiaren seme gaztearengana gerturatzen naiz, lehen bururatutako txiste makabroa zuzena zela burutik kendu ezinik.
—Hiltzat jo zitzaizun —hasten naiz, zer beste esan ez dakidala.
—Herritik atera ninduten estatubatuarren inbasioaren aurretik —ihardesten du ingeles perfektu batez, irri zuri batez lagunduta—. Siberian ezkutatu naiz orain arte
—Zuek sortu zenuten Itsualdia? —baieztapena da, galdera baino.
—Bai.
—Nola? Zergatik?
Mutikoak irribarre egiten du, nire jakin-minarekin txoratuta.
—Zortzi urtez egon gara birusa diseinatzen, sortzen eta hobetzen, laborategi eta teknologia hain aurreratuekin zeinarekin Wachowskitarrak bakarrik amets egin baitezakete, iaz ezagutzen duzun bertsio gorenarekin eman genuen arte. Zure bigarren galderari erantzunda, nahiko argi dagoela uste dut, ezta? —orain doinu harroa erresumindu bilakatzen da—. Hamalau urte besterik ez nituen, eta Estatu Batuek familiarik gabe utzi ninduten. Etxe eta herririk gabe. Bizitza hondatu zidaten. Begia begi truk eta denok itsu.
—Eta horretarako mundu osoa itsutu behar zenuen? Baita zure aliatuak ere?
Bere hitzek ikara ematen didate, baina ahalik eta hoberen disimulatzen saiatzen naiz.
—Nahiko kaltetuak atera ginen gerratik, eta denbora hartu behar genion Estatu Batuari kontraerasoa burutzen genuen bitartean. Dena primeran ateratzeko beharrezkoa zen sakrifizioa, baina behin prozesua amaituta esnatu nituen. Birusa kontrola dezaket, eta nahi dudanean desaktibatu.
—Hori da, beraz, nirekin egin duzuna? Esnatu egin nauzu. Zergatik ni?
—Zurekin hitz egin behar nuen, Walter. Gudaroste handia dut, baina ez nahiko nukeen bezain trebea. Gainera, Itsualdia huts egiten hasi da eta pertsona batzuk ikusmena berreskuratzen ari dira. Arrastoan sartuta izan behar ditut nire misioa burutu bitartean, horregatik zeruko holograma. Dramatikotasun puntu kitzikagarri bat du, ezta?
Burutik dago. Erabat jota.
—Beraz, ondo ulertu badut, nire laguntza behar duzu Estatu Batuak erasotzeko. Nire armada. Zerk pentsarazten dizu lagunduko zaitugula?
—Argi dago. Nire arerioen arerioa nire laguna da, ez da hala? —besoa nire sorbaldetan ipini, eta zaplada batere ez adiskidetsua ematen dit—. Zuk eta zure herritarrek Estatu Batuak txikitzen lagun iezadazue, eta trukean eraikiko dudan mundu berrian leku bat bermatuko dizuet. Hausnartzeko denbora utziko dizut, ados? Erabaki zuzena hartzen jakingo duzula espero dut.
Pasabidean barrena urruntzen den heinean, bere azkeneko oharpenak nire buruan burrunba egiten du. Berrogeita bost urteko bizitzan ez naiz inoiz horren bidegurutze larriaren aurrean aurkitu. Egia da Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren arteko harremana ez dela preseski urrea diamantearekin, baina Kim Jong-Unen kopia maltzurra, nartzisista eta batere ez fidagarriarekin elkartzea ez dirudi ideia ona. Bere Itsualdi madarikatuak heriotza mordoa eragin ditu, ikusmen galeraren aurrean euren bizitzarekin jarraitu ezinik urka-soka edo pilula itxurako bidezidorra hartu zutenena. Baina, bestetik, zer gertatuko litzateke ezetz esango banu? Ez ninduke bizirik utziko, bere egitasmoa jakinarazi bainezake, eta ziurrenik britainiar ororen aurka egingo luke. Agintea eskuratzean Gilen V.aren aurrean eginiko promesa oroitzen dut. Gauza ororen gainetik nire herritarrak babesteko konpromezua dut, baina… Zein da irtenbide egokia? Zer dago ondo eta zer gaizki? Haiek zoriaren baitan uztea, ala diktadore odolzale baten txotxongilo armadunak bihurtzea? Zintzotasunez hil... ala bizi eta men egin?
Tamesis ibaiaren joan-etorri geldoari begira, gogoeta luzean murgiltzen naiz. Ez dakit zer egin. Behin irakurri nuen bezala, “Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala”.
Amaiur Puente Otero
Azkue Literatura Lehiaketako Prosa Arloko 1. Saria.
Urruzuno Literatura Lehiaketan ere saritua