Plastikoen arazoaren aurrean, Pasaia-Lezo Lizeoa eragile
Ingurumen hezkuntzako Plastifisharen kostera proiektuan parte hartzeagatik "Tokiko natur zaindaria" ziurtagiria eman diote ikastolari, Kursaalean.
2018-2019 ikasturtean jarri zen abian proiektu hau Lizeoan, bai Lehen Hezkuntzan bai Bigarren Hezkuntzan. Txikienek gertuko ingurumen eremu bat ezagutzeko parada izan dute, eta hura garbitu ahala plastikoaren arazoarekiko kontzientzia piztekoa. Bildutako materialekin artelanak ere eraiki zituzten.
Bestalde, DBHn, erronketan oinarritutako unitate didaktikoaren bidez, ikasleek plastikoen problematika ezagutu dute lehenik, eta hura errotik konpontzeko proiektuak martxan jarri ondoren: hitzaldiak, eskulan tailerrak, hondakinak murrizteko kontzientziazio kanpainak... Haietako batek, antzezlanak, gazteen proiektuen artean sari berezia eskuratu zuen, eta hiru ikaslek Mater itsasontzian lau eguneko egonaldia irabazi eta gozatu zuten. Juanba Berasategi aretoa lepo bete zuten itsas hondakinen erronkari aurre egiteko.
Arrakasta handiko proiektua izan da Ekofish itsas gela elkarteak sustatutakoa , ikastola barruko eraginaz gain Lezon eta Pasaian plastikoen arazoaren berri emateko balio izan duelako.