MAREN GALVEZ, EUSKAL HERRIKO DANTZARI ONENA

Maren Galvez Garmendia Dantzaria

Lizeoko ikasle Maren Galvez Garmendia izan da Seguran jokatu den Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketako 45.edizioko irabazlea Gorka Granado bikote zuela. Lezoko Murixkako dantzariaren hitzak jaso ditugu, pozik dago lortutako emaitzarekin eta datorren urtean berriz ere garaipena lortzen saiatuko dela aitortu digu.

Maren Galvez Garmendia Pasaia Lezo Lizeoan Seguran dantza txapelketa irabazi ondoren 

Zer suposatzen du horrelako txapelketa batetan irabazle izateak?

Ezin da erraz esplikatu. Segura bat irabaztea oso gauza handia da. Lan asko egin behar da, asko entseatu behar da eta kosta egiten da. Garaipenarekin izugarrizko poza sentitzen da.

Iraultza Garmendiak, zure amak, behin irabazi zuen txapelketa, 1997an. Haren marka hobetzeko asmorik ba al duzu?

Bai, bai, saiatuko gara!

Gorka Granadok eta zuk Sopela ordezkatzen irabazi duzue, Zer dela eta lezoar bat Sopelako ordezkari?

Gorka, nire dantza-bikotea, Sopelakoa da. Entsegu guztietara Lezora etortzen da handik. Nolabait, egiten duen esfortzu hori konpentsatzeko erabaki genuen Sopelako herriko ordezkari gisa aurkeztea. Gorkak Oinkari Dantza Taldeko kide izatea zuen helburu eta horretarako Lurdes Esnaolarekin [Segurako txapelketan hirutan txapeldun izandakoa Joxe Juan Ugalde bikote zuela. 1981-1982-1983] hasi zen dantzan. Lezora etortzen zen Lurdesekin ikastera eta hor hasi ginen elkarrekin dantzan. Lurdesen gidaritzapean aritzen gara biak.

Zein izaten da Segurako txapelketa prestatzeko prozesua?

Orain hilabete libre hartuko dugu eta berriz ere lanera. Urte guztian ariko gara datorren txapelketa prestatzen. Udan, udako txapelketetarako eta ondoren helburu nagusirako: Segurarako.

Lizeoko pasilloetan ikusten ditugun txikienak gonbidatuko al zenituzke dantzara?

Bai. Edonor hasi daiteke dantzan. Oso ondo pasatzen da. Batzuetan gogorra da gauzak ondo egin behar direlako eta horrek esfortzu bat eskatzen duelako, baina orokorrean oso polita da. Jende berria ezagutzeko aukera handiak ematen ditu. Animatu zaitezte!

Eskerrak emateko aukera duzu hemen…

Bai, batez ere familiari eskerrak eman nahi dizkiot. Eta lagunei ere bai.