ERREKASTOETAN BARRENA URAREN KALITATEA NEURTZEN

Desberdintze curricularreko DBH3ko ikasleak Pasaiako errekastoetan ibili dira, bertako basoaren osasuna, ubidearen egoera eta uraren kalitatea neurtzen.

Aingirak izan dira ibaiak aztertzeko aitzakia. ahotsak.eus-eko Pasaiako eta Lezoko herritarren testigantzen bidez, iraganean arrain berezi hau oso ohikoa zela ohartu ziren ikasleak. Sardeskaz eta guzti arrantzatzen zituzten. Egun, aldiz, populazioak eskasagoak dira, eta ez daude garai batean bezainbeste. Aingiren egoera kaskarrean ibaien egoerak eragina izan zezakelakoan, badiako errekak ikertzeari ekin dio taldeak.

Bi txango egin dituzte dagoeneko, Kalaburtzara eta Erroteta ingurura. Bietan, ibai bazterreko landareen ezaugarriei erreparatu diete. Horrez gain, ubideren itxura ere aztertu dute, badakitelako zenbat eta bizileku gehiago egon, orduan eta errazago biziko direla aingirak haietan. Bestalde, ur laginak bildu, eta laborategian neurketak egin dituzte.

Ikerketa oraindik ez da amaitu. Bildutako emaitzen inguruan hausnartu behar dute orain, eta erabaki badiako errekak aingirentzat bizileku aproposak diren ala ez. Zer uste duzue zuek?