Nekane Artola, urteko batzarraz: “Ikastola gurea, denona, dela barneratu behar dugu”

Urtea bukatu aurretik Urteko Batzarra deitu dugu, abenduaren 15ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 18:00etan. Nekane Artola Labordeta ikastolako gurasoarekin hitz egin dugu batzarraz eta haren garrantziaz. Artola da egungo Lizeoko Lehendakaria.

Nekane Artola, Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakaria, Lezoko ikastolan

 

Zer nabarmenduko zenuke urteko batzarraz?

Hasteko, batzarra baino, nabarmendu nahiko nuke gurea kooperatiba integrala dela. Eta zer da kooperatiba integrala deitzen diogun hori? Ba, guraso, langile eta Lezoko eta Pasaiako hainbat herritarrek osatutako kooperatiba bati. Langileak Lizeoaren jabe dira, gurasoak Lizeoaren jabe gara eta bazkide laguntzaileak Lizeoaren jabe dira. Uste dut honi ez diogula behar adina garrantzia ematen. Ikastola gurea, denona, dela barneratu behar dugu. Hori noski, ezin da diskurtso hutsean gelditu eta bazkideen parte hartzerako ditugun gune desberdinak aktibo mantendu eta espazio berriak sortu beharko ditugu sentipen hori barneratzen laguntzeko.

Zenbat bazkide ditu Lizeoak?

1400 bazkidetik gora gara. Bazkide erabiltzaileak, hau da, gurasoak 1.040 gara; lan bazkideak 146 dira; eta bazkide laguntzaileak, guraso edo langile izandakoak: 257. Kopuru garrantzitsuak dira.

Zein da batzarraren funtzioa?

Ikastola honek duen organo gorena da urteko batzarra. Egun horretan hartzen dira aurrera begirako erabaki nagusiak. Puntu garrantzitsuenak, ohi bezala, 20-21 ikasturteko balantzea eta 21-22 ikasturteko aurreikuspena izango dira. Bi kasuetan ekonomiari zein hezkuntzari erreparatzen zaio. 

Edonor joan daiteke? 

Jakina, bazkide guztiak daude deituta. Nire aldetik, inoiz joan ez denari gonbita egingo nioke. Batzarra Lizeoa hobeto ezagutzeko beste aukera bat da, informazioa elkarbanatzen da, eta hezkuntzaz ere aritzen gara. Eta guzti honen inguruko bazkideen iritzi eta ekarpenak jasotzeko ere bada Batzarra.

Gestioaz gain beste gairik landuko al da?

Bai. Beste hiru nabarmenduko nituzke. Batzarreko zatirik politena, hasteko: Duela bi ikasturte hasi ziren ikasleak geletan lantzen dituzten zenbait proiektu batzarrean erakusten [iaz egoerari erreparatuta ezin izan zen egin]. Zenbait ikasle gonbidatzen ditugu eta ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak erakusten dituzte bazkideen aurrean. Aurten ere etorriko dira; bizpahiru proiektu aurkeztuko dizkigute. 

Bigarrena?

Ikastolen Elkarteak landu duen oinarrien Endekalogoaren inguruan azalpen bat emango dugu. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela etorkizuna markatuko diguten oinarri hauek barneratzen joatea. Gainera, uste dut Lizeoren filosofiarekin erabat bat egiten dutela endekalogoko puntu guzti-guztiek. Hiru bloketan banatzen da Endekalogoa. Lehena, Oinarrizko printzipioak dira: unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena. Bigarrena, Hezkuntzak landu beharreko baloreak dira: hezkidetzan oinarritua; laikotasunean heziko duena; ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua, eta inklusiboa. Eta azkenik, Hezkuntzaren antolaketari dagozkion oinarriak: gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua. Ezin dugu ahaztu Hezkuntza Lege baten atarian egon gaitezkeela eta Ikastolen komunitateak guzti honen inguruko hausnarketa eta eztabaidan murgiltzea berebiziko garrantzia duela. Izan ere, hezkuntza sistema beraren berrantolaketaz gain Ikastolen mugimenduan ere eragina izan dezakeelako lege berri honek.

Hirugarren gai bat duzu nabarmentzeko.

Bai, Artezkaritza Kontseiluari dagokiona. Esan dut batzar orokorra dela erabaki nagusiak hatzen diren lekua, baina egunerokotasunari aurre egiteko beste organo oso garrantzitsu bat badu Lizeoak: Artezkaritza Kontseilua. Hemen hartzen dira erabaki asko eta asko. Sei bazkide erabiltzailek, sei lan bazkidek eta bost bazkide laguntzailek osatzen dugu Artezkaritza. Gutxi gora behera, hilean behin biltzen gara zuzendaritzako kideekin eta egunerokotasunari ekiten diogu. Kide batek utzi egingo du taldea eta bere ordez lagun berri bat sartuko da lan-taldean batzarrak hala onartuz gero: Gari Agote Alberro trintxerpetarra.