URTEKO BATZARRAK GIRO ONEAN EGIN DU AURRERA
Ikasleen parte hartzearekin bukatu da Pasaia-Lezo Lizeoak egin duen Urteko Batzarra. Ikasleek gelan landu dituzten bi proiektu aurkeztu zituzten jendaurrean. Batetik, LH5 mailakoek beren aiton-amonei egiten dieten omenaldi txikiaz aritu ziren. Aurreko urteetan aiton-amonak ikastolara gonbidatu ohi dituzte, baina bizi dugun egoera dela eta ekimena moldatu behar izan dute. Hala ere, LH5eko ikasleen lau ordezkarik, Oierrek, Ekhik,Aaronek eta Aiarak, agindu zuten, aurten ere, aiton-amonek jasoko dutela beren errekonozimendua.
Ikasleek aurkeztu zuten bigarren proiektua aurreko ikasturtean burututakoa da. Marenek eta Maialenek Haatik dantza konpainiako kide eta Lizeoko guraso den Aiert Beobiderekin batera azaldu zuten “Hik Dantza Sentitu” egitasmoa. Koreografia bat osatzea zen agerian zegoen helburua, baina atzean, gorputza mugitzea, espresio kanalak askatzea, talde-lana, eta beste hainbat helburu zituzten. Eta baita lortu ere. Ikusi hemen ekimena erakusteko prestatu genuen bideoa.
Eskerrean, Aaron, Ekhi, Aiara eta Oier azalpenak ematen. Eskubian, Aiert Beobide Marenekin eta Maialenekin
Ikasleen azalpenen aurretik ikasturte berrirako aurreikuspen pedagogiko eta ekonomikoak onartu ziren bozka bidez. Laburbilduz, Lizeoan ardatz izaten jarraituko dute euskarak, euskal kulturak, Lezoko eta Pasaiako herrigintzan txertatuta egoten jarraitzea, komunitatearen kohesioa eta, jakina, kalitatezko heziketa integrala.
Beste hainbat kontu izan ditugu hizpide batzarrean, esaterako, ikasturtea bukatzearekin bat, oporrak aprobetxatuz, obra garrantzitsu bat egiteko asmoa dugula Lezoko Ikastolan. Estalki bat eraikiko da patio erdia estaliko duena. Patioari, gainera, beste zenbait elementu gehituko zaizkio, egun dagoen jolas gunea osatuagoa izan dadin. Proiektu hau Lezoko guraso taldearekin eta bertako irakasle taldearekin elkarlanean ari gara egiten. Obra egiteko aurreko ikasturteko diru partida bat gorde da eta gainera Lezoko Udalarekin akordio batera iritsi gara estalkiaren obraren zati bat ordaindu dezan.
Edurne Urkiola zuzendaria, Nekane Artola lehendakaria eta Peio Egaña kudeatzailea
Aurreko ikasturtean egin diren hobekuntza-lanen inguruan, bestetik, aipagarrienak dira goiko eraikineko gimnasio ondoko komunen berritzea eta Goiener energia berrriztagarrien kooperatibarekin elkarlanean goiko eraikinean jarritako 275 eguzki plakak. Azken lan honek ez du kosturik suposatu guretzako.
Balizko Hezkuntza Lege berriaren aurrean Ikastolek adostutako endekalogoa ere aurkeztu genuen: Euskal Hezkuntza Sistemararen oinarriak jasotzen dituen 11 puntuko dokumentua.
Urteko Batzarreko berri zehatzagoa laster jasoko dute bazkide guztiek helaraziko dugun aktaren bitartez.