HIKU MIKU ZIRIKU IPUINAREN AURKEZPENA

Saioa Muguruza: "DENOK DAUZKAGU ARGI-ILUNAK, BAITA ZIRIKUEK ERE" 

Lizeoko irakasle, Saioa Muguruza Sarasuak, primizian aurkeztu digu argitaratu berri duen ipuina: Hiku Miku Ziriku. LH3tik LH6ra arteko gure ikasleei Zirikuen sekretuak kontatzen aritu da liburutegian egindako saioetan. Alboan izan du Kepa Etxebarria Sagarzazu oreretar ilustratzailea. Hona zer kontatu diguten.

Nolatan Zirikuak pertsonaia nagusi diren ipuin bat?

Saioa Muguruza: Lezoko Trapujale Taldearen ideia edo enkarguaren ondorio da ipuin hau. Zirikuek ez dute fama onik Lezoko inauterian eta horri buelta bat eman nahi ziotela esan zidaten. Beti gaizto papera betetzen dute eta ikuspuntu berri bat ematea zen asmoa.

Kepa Etxebarria: Ikuspuntu berria ez bakarrik izaerari dagokionez. Gure imajinarioan gizonezkoak dira. Horri ere buelta eman diogu emakumezkoak marraztuz.

Nolakoa izan da prozesua?

K.E.: Saioak ipuinaren testua idaztea izan da lehen pausoa. Ondoren, Saioaren lana hartu eta idatzi zuen testuaren arabera egin nituen nik marrazkiak.

Zirikuek itxura berria edo berritua dute, beraz?

S.M.: Itxura betikoa da, baina saiatu gara erakusten zirikuen beste alderdi bat. Denak ez garela gaizto-gaiztoak, edo txintxo-txintxoak, edo gezurtiak… Denok dauzkagula argi-ilunak, baita zirikuek ere.

Non topatuko dugu ipuina?

K.E.: Oraingoz, Oiartzungo Laboren, Lezon Kultura sailean goizez eta euskaltegian arratsaldez, Antxon Urdin liburu-dendan eta Errenteria-Oreretako Mirentxu liburu-denda. Zortzi eurotan.