TRISTTAN MOURGUY ABESLARI LAPURTARRA GURE ARTEAN [BIDEOA]

Martxoaren 4an, Lizeoko liburutegian, Batxilergo 1. mailako ikasleek Musikariak Ikastetxeetan programan parte hartzeko aukera izan dute. Programa hori formazio eta transmisio programa bat da. Sortzaileak, Tristtan Mourguyk, bere esperientzia kontatu eta lana aurkeztu die ikasleei, baina testuinguru baten barruan. Euskal kantagintzaren baitan kokatu du bere esperientzia musikariak. Era horretan, ikasleek adibide partikular bat ezagutzeaz aparte, ezagutza globala ere jaso dute azken hamarkadatako euskal kantagintzaz.

90 minutu inguruko bi saioetan bere sormen prozesua azaldu die ikasleei musikari lapurtarrak. Lehen hitza edo lehen akordea sortzen duenetik, zuzenean edo disko batean plazaratu arte dagoen sormen prozesu osoa: hitzetatik hasten bada sortzen, zeri idazten dion, zer esateko, zein neurritan, zein egitura darabilen, nola gehitzen dion musika, zein instrumenturekin… Eta noski, hitzezko azalpenen artean, musikariak bere kantak ere jo dizkie zuzenean, ikastetxean bertan.

Hori egin aurretik gaiaren inguruko lanketa bat egin da gelan saioan parte hartu duten ikasleekin, ikasleek entzun eta ikusi dutenaren gainean ezagutza oinarrizko bat izatearren.