KILOMETROEN EREDU BERRIA ESKUALDERA IRITSI DA: MILIMETROAK

Nekane Artola Labordeta, Pasaia-Lezo Lizeoko Lehendakaria, ezkerrean

 

Tolosaldean eta Oarsoaldean ospatuko diren Milimetroak ekimena aurkeztu da Euskal Herriko Ikastolen Etxean. Bertan izan dira Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kidea eta Pasaia-Lezo Lizeoko Lehendakari, Orereta ikastolako Anartz Muxika, Villabonako Zubimusu ikastolako Nerea Zumeaga eta Ibarrako Uzturpe ikastolako Usue Sukia.

Zer da Milimetroak?

Kilometroen festa erraldoi bakarra atzean utzi eta eta saretzean zein auzolanean jarri du azpimarra 2022ko Kilometroak ekimenak. Eredu berri horretan kokatzen da Milimetroak, eta Oarsoaldean eta Tolosaldea egingo dira; apirilaren 26an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren. Eredu berriaren ezaugarrien artean ondorengoak aipatu ditu Artolak: “Jai parte hartzaileagoa egitea; ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie, besteak beste”. Milimetroak, esan bezala, eskualdeka antolatuko dira eta aurten Oarsoaldearen eta Tolosaldearen txanda izango da. “Datozen urteetan eskualde gehiagoetara heltzea da gure asmoa, pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin”.

Oarsoaldeko Milimetroak

Oreretako ikastolako Anartz Muxikak eskualdeko Milimetroak apirilaren 26an ospatuko dutela esan du eta herritarren eta herrien burujabetza da aukeratu duten gaia, eta kasu honetan DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute. Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta Ikastolak izango dute hitzordua antolatzeko ardura. Apirilaren 26an beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute. “Egun esanguratsua da Euskal Herriko historian. Mundo osoan ezaguna, herritarren kontrako aurreneko aire erasoa delako eta Picassoren artelanak egindako ekarpenarengatik”, esan du Muxikak. Hori dela eta, “egun munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko diseinatu dugu apirilaren 26ko ekimena”. Goizean lau ikastoletako 100 ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute. “Obra bera lau zatitan banatu eta mundua bakarra izanik, zuri-beltz, txiro-aberats, ipar-hego, ekialde-mendebalde, arrakala guztien metafora da Picassoren obra bera lau zatitan banatu izana”. Oreretako plazan jarriko dute emaitza. “Mundu hobeagoa nahi dugu eta posible dela, gerrari ez eta burujabetza da herritar orok nahi duguna” dira helarazi nahi dituzten mezuetako batzuk, ikastolako zuzendariaren hitzetan.

Egitarauak:

Oarsoaldeko Milimetroak: Apirilak 26

● 09:30: Harrera Agirre Lehendakariaren plazan.
● 10:00: Margoketa tailerraren hasiera.
● 12:30: Ekitaldi nagusia Jaurtakol plazan Mikel Urdangarin eta Haritzaren Itzala taldearekin.
● 14:30: Goizeko ekimenaren bukaera.
● 19:00: Dantza eta musika emanaldia herriko plazan Kukai dantza taldearekin, Haritzaren Itzala herriko jazz taldearekin, Mikel Urdangarin abeslariarekin, Andoitz Antzizar trikitilariarekin. Era berean, Oreretako ikastolako 27 ikaslek musika eta antzerkiaren bidez, antzerkiaren salaketa eta elkartasunaren aldarria egingo dute.

Tolosaldeko Milimetroak: Maiatzak 20

● 10:00: Harrera eta gosaria.
● 11:00: Altxorraren bila ibilbide kulturala, talde txikitan banatuta.

● 13:00: bazkaria.
● 15:00: Ikastola bakoitzak sortutako ikuskizunaren emanaldia.
● 17:00: Agurra