SUKALDARITZA LIBURUA ARGITARATU DU IÑIGO ESNAOLAK, EUSKARAZ

"LIBURU HONEN HELBURUA SUKALDARITZA MUNDUAN EUSKARA HAUSPOTZEA DA; EUSKARAZKO MATERIALA SORTZEKO BEHARRA HANDIA DA"

Iñigo Esnaola Arbiza, Lizeoko ikasle ohi eta gaur egun guraso denak, euskaraz argitaratutako errezeta liburua aurkeztu berri du “Elketa” izenburupean, amaren baserriaren eta jatetxearen izena, hain zuzen ere. Bi formatutan irakurri eta erabili daiteke: ohiko paperezko liburu formatuan eta sarean, wikibooks-en. Esnaolak gaztetatik zuen kezkari bidea ireki dio, sukaldaritza mundua euskaraz janztea.

Liburua paperean argitaratzeaz gain wikiliburua ere bada. Zer da zehazki wikiliburu bat?

Wiki mundu mailan sortu den irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, kooperatiboa dena. Wiki munduan wikipedia da ezagunena, baina baditu beste atal asko. Horietako bat da liburuena. Nolabait esateko, sarean zintzilikatzen duzun liburu bat da, kooperatiboa dena, hortaz denborarekin moldatzen eta osatzen joan daitekeena. Hau, zehazki, errezeta liburu bat baino entziklopedia bat da, ez baitago errezeten atala soilik, glosario bat badu, sukaldean aritzeko aholkuak eta abar.

Entziklopedia bat?

Bai, aholkuak, osagai kantitateen baliokidetasunak, atal asko ditu… Adibidez, nola egosi behar da arroza? Tankera horretako aholkuak agertzen dira. Edo, esaterako, gozogintzan aritzeko aholkuen atala ere ere jaso dugu. Osagaiek ere badute beren atala: ezaugarriak, bakoitzaren jatorria, nola prestatu behar diren… Sukaldaritza teknikei ere lekua egin diet. Glosario edo hiztegi bat ere badu. Atal hau bereziki garrantzitsua dela uste dut, liburu honen helburua sukaldaritza munduan euskara hauspotzea baita, sukaldaritzan euskarazko materiala sortzeko beharra handia dago eta.

Zenbat errezeta igo dituzu sarera?

Nik 620 inguru jarri ditut, baina wikiliburuen abantaila nagusiena da piezak gehitzen joan gaitezkeela. “Berria” egunkarirako errezetak eta errezeta liburuak idazten dituen Iker Markinezek gehitu ditu batzuk.

Eta nola topa daiteke?

Sareko bilatzailean “wikiliburua” jarrita argitaratu diren euskarazko liburu guztiak agertuko dira, “sukaldaritza” gehituz gero, hortxe agertuko zaizu.

Bertsio bat argitaratu duzu paperean.

Bai. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak wikia promozionatzeko badu diru partida bat eta hortik diru apur bat eskaini zidaten wikiliburuko zati bat paperera pasatzeko. 400 errezeta inguru daude liburuan. Pasaiako Udalak ere diruz lagundu du argitalpena eta 200 ale atera ditugu. Errezetak, sukaldeko teknikak, barazkien mozketa motak, osagai kantitateen baliokidetasuna eta glosarioa sartu ditugu liburuan.

Eta hau guztia euskaraz? Aberasteko asmorik ez, beraz.

Ez, ez! Liburua edonork fotokopiatu dezake, errezetak internetetik jaitsi daitezke… ezerk ez dauka copyriht-ik. Ez du inolako irabazi asmorik, wikiliburua kooperatiboa da, edonork gehitu ditzake errezetak, aholkuak eta abar.

Euskara hautatu duzu kontzienteki. Zein da arrazoia?

Nik Lizeoan ikasi nuen 14 urtera arte, euskaraz. Etxean ere euskaraz aritzen ginen. Udan baserrira joaten ginen, Elketara, eta han ere guztia euskaraz egiten genuen. 14 urte nituela Donostiara joan nintzen sukaldaritza ikasketak egitera, eta bat-batean, oso mundu erdalduna topatu nuen. Orduan erabaki nuen gastronomia munduari, hizkuntza aldetik, nire aletxoa jarri behar niola. Etxean itxita egon ginenean esan nion nire buruari: hau da momentua.

Liburuaren hitzaurrean aipatzen dut Hasier Etxeberria zenak idatzitako esaldi bat: “ez dut sekula ulertuko zergatik Arzakek, Subijanak, Argiñanok, Santxotenak, Curritok, Pildainek, Fonbellidak eta beste bi mila handik ez duten sekula aintzakotzat hartu euskara behar dela lehenik Euskal Herriko jatetxeetako eskaintzetan, Bertako porruak eta arrainak bai baina bertako hizkuntzarik ez. Arranopola!!! Oiartzungo Arbelaiztarrak salbuespen nabaria izan dira, beste gauzen artean horretan ere”. Esaldi honek zer pentsatu eman beharko liguke.

Liburua non topa dezakegu?

Lezoko Tiñelu Elkartean, Donostiako Hontza liburu dendan eta Oiartzungo Labore kooperatiban.

Bukatzeko, Lizeoko komunitateari liburua erabiltzeko gonbita egin nahi al diozu?

Liburua duzuenok, sukaldeetan gordetzea gustatuko litzaidake, zikintzeko beldurrik gabe. Tokatzen zaionean olioarekin zikindu dadila, tokatzen zaionean irinak estali dezala. Erabiltzeko liburu bat izatea gustatuko litzaidake, ez apalean gordetzen diren horietakoa. Oso ohiko errezetak dira, ez dira zailak, eguneroko plateretako errezetak dira.