PASAIAKO UDALA BERTATIK BERTARA EZAGUTZEN ARITU GARA

ESKUBIDEAN programan parte-hartzen ari diren LH6ko eta DBHko gure ikasleek Pasaiako Udala gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Jardunaldi honen helburua Udala barrutik ezagutzea izan da. Gure ikasleak herria hobetzeko egiten ari diren proposamenak gauzagarriak diren jakingo dute horrela. Gainera, udalak zein baliabide dituen jabetzeko balio izan du egunak.

Hasteko, zerbitzuetako pabiloian bisita egin dute ikasleek. Han zain izan dituzte zerbitzuetako langileak herrian egiten duten lana eta lanabesak erakusteko prest. Urak, elektrizitatea, aroztegia, garbiketa, hilerria... batetik bestera ibili dira ikasleak, gustura. Ikasten eta lanabesak probatzen.

Ondoren Arizabalo Jauregira bisita egin dute. Hura da udalaren egoitza nagusia. Han, Izaskun Gomez alkatea izan dute zain. Alkateak alboan zituen talde politiko guztietako zinegotziak: Julen Rodriguez, Mikel Garcia, Iraitz Pazos eta Loreto Osa. Taldeka, zinegotziekin eta alkatearekin, udaleko sailak eta langileak ezagutu dituzte: herritarren arreta zerbitzua, ondarea, udal artxiboa, ogasuna, informatika gela, giza baliabideak eta hirigintza, besteak beste. Udalbatzarrean ere izan dira ikasleak.

Bisitaren hirugarren partean, Pasaiako gainontzeko ikastetxeekin batera, gure ikasleek Pasaia hobetzeko proposamenak egin eta entzuteko aukera izan dute. Hasteko, Zerbitzu Saileko buru Joxe Mitxelenarekin hizketan aritu dira. Hark kontatu die, besteak beste, zenbat farola dituen Pasaiak, zenbat iturri, nola zaindu behar diren denak, eta herriko beste hainbat kontu. Datu esanguratsu bat ere eman die: "Pasaian zaborra ondo sailkatuta bilduko bagenu urtero jolas-parke bat baino gehiago eraikitzeko adina diru aurreztutako genuke".

Saioa bukatzeko, talde txikitan, ikastetxeetako ordezkariak alkatearekin eta zinegotziekin bildu dira eta, azken hauek, ikasleen kezkak eta zalantzak argitzen saiatu dira.