EKOFISH: IKASTURTEKO LANAK EMAN DU UZTA
Ikasturte honetan DBH3ko bost geletan aritu dira, taldeka, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak sustatzen duen EKOFISH proiektuan lanean. Materrekoek bultzatuta, udaberri aldean ekin zioten itsas hondakinen arazoa ezagutzeari. Pasaiako badiaren bueltako ikasleak direnez, erraz identifikatu zuten plastikoek zer nolako eraginak dituzten inguruko ekosistemetan, eta arazoaren iturrira jo zuten. Hala, lehen asteetan aztertu zituzten plastikoen jatorria, propietateak eta mikroplastikoen ondorioak bizidunetan. Ondoren, itsasoan nola amaitzen duten deskubritu zuten, haizeak eta ibaiek garraiatuta.
Bigarren fasean, ordea, arazoari aurre egiteko proiektuak diseinatzen hasi ziren, taldeka. Horretarako, hiru helburu hauetako bat jarri zioten euren buruari: plastikoen berrerabilera bultzatzea, murrizketa areagotzea edo arazoarekiko kontzientziazioa sustatzea. Emaitzak askotarikoak izan dira: film laburrak (Txaranbolak taldearen hau, adibidez), webguneak (esaterako, Telefish taldearen hau), kaleetako horma irudiak, tailerrak eta abar.
Aipamen berezia merezi dute DBH3ko Dibertsifikazio Curricularreko ikasleek. LH5eko lau gelatara joan dira itsas hondakinen arazoaren inguruan kontzientziatzeko tailer bat egitera. Ikasleek bikain pasa zuten prestatutako Kahootekin, jogur poteak berrerabiltzeko eskulanekin, papiroflexiarekin eta abarrekin. Dena den, DBH3ko proiektu guztiak izan dira ederrak, beraz, zorionak guztiei! Ikusi webgune honetan LIZEOKO PROIEKTU GUZTIAK.