ESTALKIA ETA JOLASERAKO EREMU BERRIAK LEZOKO IKASTOLAN

LEZOKO IKASTOLAKO PATIOAREN ERDIA ESTALIKO DUEN ESTALKIA ERAIKIKO DUGU UDAKO OPORRETAN EGINGO DIREN OBRETAN; BERDEGUNE BATEK ETA ENBORREZ EGINDAKO ZENBAIT JOLASEK EREMUA NATURALAGOA BILAKATUKO DUTE

Datorren ikasturtearen hasieran Pasaia-Lezo Lizeoaren Lezoko eraikinaren patioa eraldatuta aurkituko dugu. Udako oporraldia aprobetxatuz obrak egingo ditugu, gaur egun hormigoizko pista soila denari itxura aldatzea da asmoa, ikasleentzako eremu askoz atseginagoa eta naturalagoa sortuz.

Batetik, euria edota bero handia egiten duen egunetan ikasleak kalera ateratzeko aukera izan dezaten gaur egungo patioaren erdia estaliko duen egitura eraikiko dugu. Hauxe izango da lanen zatirik ikusgarriena: metalezko egitura batek metakrilatozko piezez osatutako sabaia eutsiko du. Metakrilatoari esker estalitako eremuan argi naturalak eragina izan dezan bilatzen dugu. Lan honi esker, jolas eremuko 530 metro koadro inguru geratuko dira estalita, egungo patioaren erdia gutxi gorabehera.

Udan egingo diren lan hauekin badugu beste helburu garrantzitsu bat: gaur egun hormigoizko pista soila dena eraldatzea haurrek jolaserako aukera gehiago izan dezaten. Horretarako, patioaren zati bat berdegune bilakatuko dugu, zuhaitz eta guzti. Egurrez egindako zenbait orekarako jolas ere jarriko ditugu. Patioaren alde baten luze osoa beteko dute jolas horiek, eta bukaeran, iskinean, Tipi bat egongo da, hau ere egurrez eraikia.

Obrak ekainaren bukaeran hasiko ditugu, behin ikasleak udako oporretan direla, eta abuztuaren bukaeran dena bukatuta egotea aurreikusten dugu. Olatzar eraikuntza enpresak eraikiko du patioaren estalkia eta 400.000 euroko kostua izango du. Jolasak eta berdegunea, bere aldetik, Lurkoi enpresak sortuko ditu. Lanaren zati honen aurrekontua 24.000 eurokoa da. Lan guzti hauen kostuari aurre egiteko Lezoko Udalaren laguntza ekonomikoa izango dugula nabarmendu behar dugu.

Lezoko ikastolako erabiltzaileen aspaldiko eskaera bati erantzutera datoz hobekuntza hauek. Horrela, ikasleekin, kalean ekintza gehiago egiteko aukera izango dugu eta gure jarduerak, gainera, inguru askoz atseginagoan eta naturalagoan egingo ditugu. Izan ere, erabiltzaile askorentzako abantaila izango da eremu eraberritu berri hau. Lezoko ikastolan zero urtetik hasi eta bost urte arteko Lezoko ikasleez gain Lizeoko parte diren gainontzeko ikastoletako (San Pedro/Trintxerpe, Antxo, Donibane) Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak ere aritzen dira hemen beren ikasketak egiten. Denera, 300 ikasle inguru ikasturtero. Gainera, nabarmentzekoa da ikastolako patioa eremu irekia izan dela orain arte eta horrela izaten jarraituko duela Lezoko Udalarekin dugun akordio bati esker. Ikastolako ordutegitik kanpo, asteburuak barne, edonork erabili dezakeen eremua da, gauetan izan ezik.