LIZEOKO ERAIKINERA ITZULI DA URTEKO BATZARRA

Pasaia-Lezo Lizeoa Irakaskuntza Kooperatiba Elkartearen urteko batzarra ospatu berri dugu, giro onean. Nabarmentzekoa da, aurten, Lizeora, gure eraikinera, itzultzeko aukera izan dugula, pandemiaren eraginez lekuz kanpo ibili ondoren. Ehundik gora lagun elkartu gara Liburutegian, bazkide erabiltzaile, lan bazkide eta bazkide laguntzaileak, guztiak.

Pasa den ikasturteko balantzea aurkeztu dugu eta gainean dugun ikasturteko aurreikuspenak ere aurkeztu ditugu. Hortaz arduratu dira Edurne Urkiola zuzendaria eta Peio Egaña kudeatzailea. Nekane Artola, Lizeoko lehendakariak, bere aldetik, puri-purian dagoen gaia jarri du mahai gainean: Hezkuntza lege berria. Legearen inguruan Ikastolen Elkarteak egindako irakurketaren berri eman du Artolak. Informazio gehiago nahi izanez gero hemen topa dezakezue.

Organoen berritzeaz ere erabakiak hartu ditu batzarrak. Esther Adurizek Artezkaritza kontseiluan erreleboa eskatu du eta Ainhoa Calvo Maneirok, berau ere sanjuandarra, beteko du haren hutsunea. Zaintza batzordean, bestetik, Maialen Arrieta Arrieta gehituko da lan-taldera.

Gai hauek guztiak gehiengo osoz onartu ditu batzarrak. Guzti honen berri zehatzagoa urteko batzarrerako prestatu dugun txosten honetan topatu dezakezue.

Eta, erabaki garrantzitsuenak hartu ondoren, Lizeoan lantzen ari diren lau proiekturen berri sakonago jakiteko aukera izan dute batzarrera gerturatu diren bazkideek. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek ikastolan Gau Beltza nola ospatu zuten erakutsi zuten, antzezpena eta guzti. Gau Beltzaren tradizioa nola ari diren berreskuratzen ere azaldu zuten ikasleek. DBHko ikasleek, berriz, Hedatze egitasmoko tailerretan Pasaiako Garagunerekin izaten ari diren elkarrezagutzarako esperientziaren berri eman zuten.

Aitor Salaberria biologiako irakasleak, bere aldetik, Aranzadirekin elkarlanean, urmael bat sortzeko asmoaren berri eman zuen batzarrean. Ekosistema bat sortzea da asmoa, auzolanean. “Gaztelekuren” atzealdean eraikitzea da asmoa, datorren urtearen hasieran.

Bestetik, aurten estreinakoz, guraso talde batek egitasmo bat aurkeztu zuen batzarrean. Ibon Sanzek Onharturen berri eman zuen, LH5 mailako guraso talde batek osatuta, hain zuen ere. Seme-alabek mugikorrekin izan dezaketen harremanaz kezkatuta teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzeko sortu dute taldea. Hain zuzen ere, datorren astelehenean, hilaren 19an, 18:00etan, beren lehen ekimena egingo dute eta LH4ko eta LH5eko gurasoak deitu dituzte parte-hartzera.