ZER IRAKURRI AUKERATZEN AINHOA MARIEZKURRENAREN LAGUNTZAZ

Ainhoa Mariezkurrena: "Ikasleei ulertarazi nahi diegu liburua ez dela zerbait fisikoa soilik. Zerbait dutela kontatzeko"

Batxilergoko ikasleek ikasturtean zehar irakurriko dituzten liburuen aukeraketa ez de edonola egiten. Oraintxe etxeetan irakurtzen ari diren Amets Arzallusen "Miñan", esaterako, pasa den ikasturte amaiera aldean aukeratu zuten Ainhoa Mariezkurrenaren laguntzaz, Donibaneko Ubera liburutegian egin zuten lan-saio batean. Mariezkurrenak aukeraketa prozesua hura nolakoa izan zen azaldu digu elkarrizketa honetan.

Zertan datza egitasmoak? 

Pasaiako Udaleko euskara sailak egiten du proposamena, baina Euskaltegiekin batera bultzatu zen ideia. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzea du helburu eta Pasaiako ikastetxe zein euskaltegietako ikasleekin egiten da ariketa. Bi atal ditu: lehenik liburu aukeraketa saio bat egiten da, modu dinamiko eta parte hartzailean eta bigarrenik aukeratu eta irakurri duten liburu horren idazlearekin solasaldia egiten da. Literatur genero eta gai desberdinak hautatzen saiatzen gara, ahalik eta aukera gehien emateko eta gustuko bat aukeratzeko. Irakurzaletasuna gustura irakurtzean datza, behartuta eta hautatzeko aukerarik gabe irakurtzetik nahiko urrun.

Zer moduz joan zen pasa den ikasturtean DBH 4ko ikasle zirenekin egin zenuen saioa?

Saioak interesgarriak izan ziren. Proposatutako liburuek arreta piztu ziela esango nuke. Liburuetako atalak irakurri genituen eta baita zerri buruzkoak ziren imajinatu ere. Idazleei buruz hitz egin eta amaieran gustuko liburua aukeratu genuen.

Zein liburu aukeratu zuten? Eta zergatik?

Aukeraketa prozesua izan zen, ikasturte honetan irakurriko dituzten liburua hautatzeko saioa. Janis Joplin, Miñan, Dendaostekoak, Eraikuntzarako materiala, Ene baitan bizi da, Dortokaren begirada, Gezurraren basoa eta Karena proposatu genituen. Kasu honetan, guztiak nobelak. Bi taldetan banatu ginen eta bakoitzak liburu desberdin bat aukeratu zuen: Gezurraren basoa, Alberto Ladron Aranarena eta Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderena. Nobela beltza bata eta migrazioari buruzko istorio erreal bat bestea. Eta zergatik? Gaurko gizartea erritmo bizian doa eta estimuluak jasotzen ari gara segundoero. Gazteria aro horretan jaio eta hezi da. Ekintzak behar dituzte eta horregatik esango nuke irakurtzen dutela gustura nobela beltza: misterioa, detektibeak… etengabe ari da zerbait gertatzen. Liburua, gainera, mardul xamarra da, normalean arrazoi horregatik baztertzen dute. Baina, basoan murgildu nahi izan dute. Miñan, ordea, beste arrazoi batek deitu zituela esango nuke. Batetik idazlea ezaguna dutelako, bestetik hizkuntza sinple eta irakurterrazean idatzita dagoelako eta azkenik gaiak berak mugitu zituela pentsatzen dudalako. Euskal Herrira etorriko migratzaile baten bidea, anaiaren bila etorri eta orain hemen bizi dena. Gogorra eta deigarria da. Sarritan fikzioa sortzen dugu haur eta nerabeentzat eta errealismoa ere eskertzen dutela uste dut.

Autoreekin aurrez-aurre egoteko aukera izango al dute?

Asmoa hori da. Aurten, adibidez, Amets Arzallus etorri zen otsailean batxilergoko ikasleekin solas egitera, Miñan liburua irakurri ondoren. Oso interesgarria izan zen. Ikasleek galderak prestatu zituzten eta idazlea, haren asmoak, liburuaren gaia eta protagonistaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan zuten.

Zer balorazio egiten duzu ekimenaz?

Balorazioa positiboa da. Ikasleak literaturara gerturatzea, liburu fisikoetara, liburutegietara… Genero desberdinak erakutsi eta aukeratzeko aukera eman. Zer gustatzen zaien tanteatzeko aukera. Pelikula guztiak ere ez ditugu gogoko… Ulertarazi ere liburua ez dela zerbait fisikoa soilik. Zerbait dutela kontatzeko. Eta zeri buruz idazten duten egun euskal idazleek. Horien artean zerk erakartzen gaituen. Begirada zabaltzea lehenik. Bestalde, ikusarazi liburutegia ez dela apalategi bat. Erakargarria egingo zaien hori eskaintzea da zailena. Talde handiak dira, gustu desberdinetakoak, hizkuntzarekiko erabilera desberdinekoak… Ez da erraza, baina aukera bat da. Halako proposamen gehiago egin beharko genituzke.