ANFIBIOENTZAKO BIZILEKU BAT ERAIKITZEKO AUZOLANA

Lizeoko terrenoetan Urmaela eraikitzen hasi gara, Gaztelekuren sarreran, hain zuzen ere. Proiektu honen hastapenean hiru helburu ditugu buruan: heziketarako tresna berri bat sortzea, Lizeoko jolas ereduetan alternatiba berriak eskaintzea, eta hirugarrena, mehatxatutako habitata berreskuratzeko pausoak ematea. Hezegunetik hezigunera izena jarri diogu proiektu interesgarri honi.

Hasteko, gure asmoa urmaela anfibioentzako eta bestelako bizidunentzako bizileku izatea da, gizakiaren erruz geroz eta leku gutxiago dute garatzeko eta Lizeoko urmaela, nolabait, haientzako arnasgune izango delakoan gaude. Heziketarako tresna ere izango da sortuko dugun urmaela, ikasleek zientzia eta biologiarako laborategi naturala izango dute urmaela urez, anfibioez, burruntziez, sorgin orratzez eta bestelakoez bete ahala. Proiektu honen bitartez, gainera, jolas-garaietako ohiko ereduetan ere eragin nahiko genuke. Ohiko jolasez gain, jolas garaietan, ikasleei aukera berri bat eskainiko die urmaelak, anfibioen garapenaren edo sorgin orratzen hegaldien obserbazioa denbora pasa polita izango da haientzako dudarik gabe.

Proiektu hau Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean eta Pasaiako Udalaren laguntzaz ari gara egiten (informazio gehiago hemen: https://www.urmaelaeskolan.eus/orri-nagusia ). Dena den, auzolana beharrezkoa zaigu. Hilaren 28an, larunbata, 10:30ean, zatozte urmaela eraikitzera. 

Pasa den astean hondeamakina baten laguntzaz zuloa egin genuen, baina lana ez da hemen bukatu. Lurra zapaldu eta zuloa perfilatu behar dugu, gainera lona berezi bat jarri beharko dugu, eta berriz ere lurrarekin estali. Bukatzeko, urmaela babesteko hesiak jarri beharko ditugu. Beraz, eman izena hemen!