URMAELA ERAIKITZEN ARITU GARA, AUZOLANEAN [BIDEOA]

Hezegunetik hezigunera

Berri on bat heldu da pasaitar eta lezoar guztientzat Lizeoaren eraikin nagusitik: urmaela sortzen ari dira ikasle, irakasle, guraso zein herritarrak. Mehatxatutako ekosistemak dira hezeguneak, horietako asko gizakiak suntsitu dituelako, eta beste zenbait klima aldaketagatik lehortzen ari direlako. Horregatik, auzolanean egindako lanak erremedioa jarri nahi dio arazo horri, esaterako, anfibioek eta ur inguruneei lotutako bestelako bizidunek bizilekua berreskura dezaten. Bestalde, urmaela bizi gordailu bilakatzen doan heinean, natura gertutik behatzeko aukera handiagoa izango dute jolasgaraietan ikastolako ikasleek eta aisialdian gainerako herritarrek, baita heziketarako tresna bat gehiago ere irakasle zein gurasoek.
Aranzadirekin eta Pasaiako Udalarekin elkarlanean jarri da martxan proiektua, eta urtarrilaren hasieran ekin zieten lanei. Lehenik, Aranzadiko herpetologia saileko kideen laguntzat, urmaelarentzat tokirik aproposena aukeratu zuten, eta Gaztelekuaren alboan atondu zuloa, Gaztelutxo baserrirako bidearen bazterrean. Aurrerago, Udalaren laguntzarekin jarriko dira, udaberrian, ekosistemaren berri emateko panelak.
Aurreko ostiralean, berriz, ikasleen eta irakasleen txanda iritsi zen. DBH3E gelakoen gidaritzarekin, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek gogor egin zuten lan egun horretako lanak aurrera ateratzeko. Hasteko, urtarrileko euriteekin putzua urez lepo zegoenez, 5A gelakoek oihal iragazkaitzak moztu eta zuloaren ertzak egokitu zituzten, makinen bidez ura husten zen bitartean. Ondoren, 5C eta 5D gelakoek kuboekin ura ateratzen lagundu behar izan zuten, makinek kale egin zutelako. Eguneko lana amaitzeko, 5B gelakoek zuloari forma aproposa eman, eta oihalekin zuloa estali zuten. Halako geruzak jartzea beharrezkoa da, Jaizkibelgo arroken izaera hareatsuagatik urak ihes egingo bailuke bestela, mendiaren barrunbeetara.
Larunbatean jarraitu zuten lanek, kasu honetan, hezkuntza komunitate osoari eta herritarrei egindako auzolan deialdiaren bitartez. Hitzordua 10:30ean jarri genuen, eta Aranzadiko Ion Garin zientzialariak egin zien etorritakoei harrera, ur ekosistemen garrantzia azpimarratzeko eta eguneko zereginak azaltzeko. Makina bat herritarren laguntzarekin, gustura aritu ginen lanean: oihalak lurrez estaltzen, ingurua hesitzeko estakak sartzen, eta sare batekin urmaela babesten. Negu giroari eta egindako esfortzuari buelta emateko, jarraian sukaldariek kroketak, patata tortillak eta salda beroa prestatu zizkieten auzolaneko kideei, eta goxotasunean berreskuratu zituzten indarrak.
Amaitzeko, odonatuen erakusketari bisita egin zieten helduenek. Sorgin orratzen eta burruntzien ezaugarriez aritu zen aditua, bizidun horiek iritsiko baitira lehenengo, ziurrenik, urmael jaioberrira. Iraganeko ospe txarraren aldean, haien funtzio eta bitxikeriekin sorgindu gintuzten, eta eskuliburu baten laguntzarekin, iritsitako lehen biziduna zein den bereizten saiatuko gara. Ikastolan jarraituko du erakusketak zenbait egunez, kuriosoenek bisita dezaten.
Urmaela jaio besterik ez da egin, eta pixkanaka-pixkanaka joango da hemendik aurrera eraldatzen, bizia hartzen joango da. Datozen asteetan euri urez joango da betetzen, eta txoriek haziak ekarri ahala, ur inguruneetako landaredia hazten hasiko da. Eltxoek, sorgin orratzek eta burruntzi hegalariek erraz topatuko dute putzua. Txantxikuek eta uhandreek, aldiz, deskubritu egin beharko dute, eta gehiago kostako zaie bizileku berrira iristen. Bien bitartean, ikasleak ikas-eremu berriaz gozatzen hasiko dira, hezegunea sortzearekin batera sortu baita hezigunea ere.