42 PANPINA JOSI DITU GURE IRAKASLE LORENA FERNANDEZEK
Lorena Fernandez: "Koloretako munstroa oso ipuin erabilgarria da eta etxeetan irakurtzera animatu nahi zaituztet"
Lorena Fernandez (San Pedroko ikastolako irakaslea) koloretako 42 panpina josten aritu da urtebetez, eta jada gure ikastoletan daude, umeen gozagarri. Koloretako munstroa aski ezaguna da bi eta sei urte arteko gure ikasleentzako eta horiexek josten aritu da, hain zuzen ere. Sentimenduak ordenatzen laguntzeko Anna Llenasek sortutako ipuinaren pertsonaia dugu munstro berezi hori
Berrogeita bi panpina josten aritu zara, berrogeita bi munstrotxo, Koloretako munstroa ipuinaren pertsonaia, hain zuzen ere. Zer kontatzen du ipuinak?
Munstroa goiz batean esnatu eta nahastuta dago, ez daki zer gertatzen ari zaion. Neskatxa batek sentimenduak ezagutzen lagunduko dio. Gero, sentimendu bakoitza poto desberdin batean sartzen lagunduko dio, alegia, elkarrekin sentimenduak ordenatuko dituzte. Munstroa asko lasaituko da eta eroso sentituko da sentimenduak ezagutu eta ordenatu ondoren. Sentimendu desberdinak existitzen direla irakasteko oso ipuin baliagarria da.
Lizeoan asko erabiltzen duzuen ipuina da, ezta?
Bai. Etapa bakoitzean zer landu Tutoretza Ekintza Planeko taldean (TEP) zehazten dugu, orientatzailearekin elkarlanean. Talde horrek erabakitzen du adin bakoitzarentzako helburuak zeintzuk diren eta ikusi genuen ipuin hau oso interesgarria zela sentimenduak lantzeko. Bi urte eta sei urte arteko ikasleekin tresna gisa erabiltzen dugu. TEPeko bileretan pentsatu genuen panpinak fisikoki geletan izatea interesgarria litzatekeela. Hor hasi ginen panpinak nola sortu pentsatzen.
Zeintzuk dira ipuin hau tresna gisa hartuz lantzen dituzuen sentimenduak?
Bi urteko geletan hiru sentimendu identifikatzen ditugu: amorrua, tristura eta alaitasuna. Badira urte batzuk Lizeoko TEPeko lantaldeko zenbait irakaslek ipuina adin honetarako moldatu zutela. Fieltroz egindako panpina handi bat ere sortu zuten. Ipuinaren moldaketa hori hori erabiltzen dugu txikienekin. Eta handiagoek, ba,... askotan beraiek eskatzen digute ipuina kontatzeko. Anai-arreba nagusiagoek erakutsita edo, istorioa asko gustatzen zaie. Handienekin, ipuina jarraituz, beldurra, lasaitasuna eta maitasuna ere ikasi eta lantzen ditugu.
Eta ipuinaren lagungarri izateko panpinak jostera animatu zara.
Bai, denera berrogeita bi munstro! Ipuina irakurtzeaz bukatzen dugunean umeei galdetzen diegu ea nola sentitzen diren. Kolore bat aukeratzen dute. TEPen pentsatu genuen panpinak edukitzea ideia ona izan zitekeela. Baina, noski, sei gela ditugu, eta sei sentimendu. Horri gehitu ipuinenaren hasieran agertzen dela munstroa sentimendu guztiak batera, nahastuta. Prezioz asko igotzen zen!
Hor agertu zinen zu: jostuna.
Bai, pentsa, pandemian hasi nintzen josten ikasten. Esan nion nire buruari, beno, batzuk egingo ditut. Azkenean erronka bihurtu da niretzako, urtebete baino gehiago eman dut hau sortzen. Momenturen batean damutu ere egin naiz, e! (barrez) Bazirudien lan honek amaierarik ez zuela, baina, bukatu dut eta oso-oso pozik nago.
Lizeoko geletan daude jada munstrotxo guztiak?
Bai, Antxon bina sorta daude, gela bakoitzeko bat. Lezoko, Donibaneko, hemengo (San Pedro) geletan ere sorta bana dugu. Trintxerpeko Udal Lilitegian dago azkeneko sorta.
Bukatzeko, gomendatuko al zenuke ipuin hau etxeetan irakurtzeko?
Bai, dudarik gabe! Anna Llenasek ipuina sortu zuenetik oso ezaguna egin da. Gainera, esango nuke, etxe askotan badagoela jada, oso ipuin erabilgarria da eta etxeetan irakurtzera animatu nahi zaituztet.
Lorena Fernandez, San Pedroko bere ikasleekin, josi dituen panpinak eskuetan dituztela