ABIAN DA ITSAS HONDAKINEN ERRONKA

Beste urte batez, DBH3ko ikasleak Mater itsas museoak proposatutako erronkan murgildu dira. Hala, testuliburuetatik errealitatera egingo dute jauzi datozen asteetan, eta gizartearen egungo arazo potoloenetako bati heldu: itsas hondakinen arazoari.

Badiako herritar moduan, gertuko gaia da, eta herriko eragile baten eskutik landu ahal izatea aukera paregabea. Horretarako, azken saioetan hondakinen jatorria aztertu dute ikasgelan, eta ohartu dira barnealdeko lurretatik garraiatuta amaitzen dutela itsasoan, baita korronteen ondorioz sakabanatzen direla ere. 

Aurreko astean Zurriolara egindako txangoan euren kabuz konfirmatu ahal izan zuten arazoaren dimentsioa. Hondartzako harea artean zenbat mikroplastiko dagoen jakiteko laginketa bat egin zuten, datuak biltzeko laukiak markatu eta bahearekin itsas hondakinak bereizten. Guztion harridurarako, pellet izeneko bolatxo kantitate handia topatu zuten, Bizkaiko Golkoan itsasontzi batek izandako istripuan askatu eta korronteek Euskal Herrira ekarritako hondakinak. 

Egoeraren larritasunaz jakitun, Itsas Hondakinen Erronka hasi besterik ez da egin. Behin problematika sakon aztertuta, horri konponbidea emateko saiakeran buru-belarri hasiko dira lanean ikasleak. Nor bere interesetatik abiatuta, hondakinen sorrera murrizteko egitasmoak, hondakinak berrerabiltzeko proiektuak edo ingurumen-arazoaren berri emateko sentsibilizazio kanpainak diseinatu beharko dituzte. 

Mater itsasontziaren leloari jarraituz, «Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu», haien bizimoduaren lema hartu, eta eskualdea eraldatzeko proiektu bana garatuko dute taldeka. Laster izango dugu horien berri!