DBH1-EKO IKASLEEK TXIKIPEDIA ELIKATUKO DUTE

Ikasturte honetan Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeak eta Euskal Wikilarien Elkarteak amankomunean aurrera daramaten proiektuan parte izango dira DBH1eko gure ikasleak. Hainbat ikastolekin elkarlanean, Txikipedia elikatzeko, 300 artikulu berri sortzea dute helburu. Baietz 300! izena du erronka honek. 

Zirimolako kide Igor Elortza Lizeoan izan da eta saio bana egin du DBH1eko gela bakoitzeko ikasleekin. “DBH 1-eko ikasleekin ari gara eta lehen saioan wikipediaren berri ematen diegu, beraiek hobe ulertu dezaten. Gure asmoa da ikasleek beraiek euskarazko wikipedia edukiz betetzen, zehazki txikipedia atala”, azaldu digu Elortzak. Txikipedia, euskal wikilariek wikipedia barruan sortutako atala da, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako zuzendutako atala, hain zuzen ere.

Ikasleek sortuko dituzten edukiez azalpena eman digu Elortzak: “Justizia ariketa txiki bat egin nahi dugu, emakumeen presentzia interneten, eta zehazki, wikipedian handitzeko. Euskara ere bada ardatza, hizkuntza txiki bat gara, gure entziklopedia txikia da, hortaz, zenbat eta artikulu gehiago sortu, hobe”.

“Bi saio egingo ditugu”, jarraitu du Zirimola elkarteko kideak azalpenekin, “lehenengoan wikipediaz zer dakiten ikusi dugu, Wikipediaren berri eman diegu, nola funtzionatzen duen eta abar. Sarean bilaketa batzuk egin dituzte jarraian, zehazki emakumezko kirolarien inguruan, eta horrek hausnarketarako aukera eman digu, esaterako, emakume kirolarien prentsan nola tratatzen dituzten ikusi dugu. Ondorioa argia da: emakumeek wikipedian lekua behar dute”. Ikasleek Euskal Herriak eta gure hizkuntzak, euskarak, munduan duen lekuaz ere bilaketak egiten aritu dira, zein txikiak garen jabetu direlarik.

Ikasleek Igor Elortzarekin bigarren saio bat egingo dute txikipediara artikulu bat nola igo ikasteko. Aurretik, baina, ikasgeletan taldeka, artikulu bana sortu beharko dute. Hauexek dira Zirimolak eta wikilarien elkarteak proposatu dituzten gaiak: klima aldaketa, emakume kirolariak, buru osasuna eta Euskal Herria. “Bigarren saioaren aurretik, beraiek artikulu bat sortuko dute, taldeka banatuko dira, zazpi talde gela bakoitzeko, eta artikulu bana sortuko dute. Saio horretan artikulu bakoitza gainbegiratuko dugu, wikipediaren edizioaz ikasiko dugu eta sortu duten artikulua nola igo irakatsiko diegu”, esan du Elortzak.

Proiektu honek hirugarren urtea du hauxe eta aurreko bitan ikasleek 550 artikulu berri sortu zituzten. Aurten, 26 ikastolak parte hartuko dugu proiektu honetan eta 300 artikulutik gora sortzea da gure erronka.