"KLIK EUSKARAZ TXIKI"KO LAGUNEKIN EGON GARA
KLIK EUSKARAZ TXIKI: “Edukiak aukeratzeko irizpide oso argiak erabiltzen ditugu: euskara egokia erabiltzea, osasuntsuak izatea, indarkeriarik gabe, anitza izatea eta entretenigarria izatea”
Lezoko ikastolako guraso talde batek ekimen interesgarri bat jarri du martxan: “Klik euskaraz txiki! Pantailetan euskarazko edukiak topatzen lagunduko digute. Maiderrekin, Anerekin, Josebarekin eta Hibairekin (Ekaitzen faltan) egon gara egitasmoaz gehiago jakiteko.
Hasteko, laburrean, nola azalduko zenukete zuen proiektua?
Guraso talde batek sortu dugun proiektua da. Euskarazko ikus-entzunezko baliabideak eskura jartzea, 3-6 urte bitarteko txikiak dituzten familiek modu erraz batean jasotzeko helburua duena.
Nolabaiteko kezka bazenuten; pantailetan erdarak nagusi, ezta?
Bai. Errealitatea da sarean aurkitzen ditugun baliabide gehienak gazteleraz direla. Beraz, pantaila piztu eta lehenengo eskaintza gazteleraz (edo frantsesez) den horretan, errazago zaie familiei ikus-entzunezko hauek haurren eskura jartzea. Hortaz, gure ideia hori da. Astean behin haurrentzat deigarriak diren eta kalitate egokia duten euskarazko baliabideak familien eskura jartzea.
Eta norengana iritsi nahi duzue?
Oraingoz, 3-6 urte bitarteko haurrak dituzten familietara iritsi nahi dugu. Txikiak euskaraz entretenituko dira eta ondo pasako dute, baina bidaltzen ditugun baliabideei esker, familia osoak primeran pasa dezake. Elkarrekin ikusteko, dantzatzeko… denbora hartu eta kalitatezko denbora ere lortu daiteke, euskaraz ez dakiten gurasoek gainera, txikiekin euskaraz aritzeko pausotxo bat ere izan daiteke.
Hiru hizkuntzatan aritzen zarete: euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Zergatik?
Bai, gure helburua Euskal Herri osora iristea da. Ipar eta Hego Euskal Herrira iritsi nahi dugu hasieratik. Badakigu, gure herriko mugak ere gainditu ditugula, eta dagoeneko Argentina eta Nikaraguatik jarraitzen gaituztela. Euskararekiko interesa duen munduko edozein lekurako balio du gure kanalak. Nahiz eta gure helburua, Euskal Herrian euskara indartzea izan.
Nola topatuko zaituztegu? zein kanal erabiltzen dituzue?
Oraingoz hiru kanal ditugu, bi whatsappen eta beste bat Telegramen. Whatsappak kanalean 1024 harpidetu besterik ez ditu onartzen eta horri erantzuteko bigarren kanala sortu behar izan dugu. Hala ere, hiru kanaletan baliabide berdinak zintzilikatzen ditugu.
Oso erraza da gu jarraitzea, mugikorrean lotura honetan sartu: http://Klikeuskaraztxiki.eus whatsappeko kanalean harpidetuko zara zuzenean.
Telegramek pauso bat gehiago eskatzen du. https://t.me/klikeuskaraztxiki lasterbideari eman eta kanalaren behealdean dagoen JARRAITU-ri eman behar zaio. Hala ere, Telegrameko lupatxoan klikeuskaraztxiki bilatuz gero ere, gure kanala edonork aurki dezake.
Behin harpidetza eginda, zer topatuko dugu?
Whatsappak ez digu aukera handirik ematen. Sartzen denak kanala hutsa aurkitzen du eta hurrengo bidalketa egin arte ez du baliabide sorta jasotzen, hau da, aste horretako ostirala arte. Hala ere, Whatsappeko kanaleko deskribapenean dokumentu bat dugu txertatuta eta bertan astetik astera igotzen ditugun lasterbideen bilduma egiten ari gara.
Zentzu horretan, Telegramek erraztasun handiagoak ematen ditu. Kanalera sartzerakoan aurretik igotako guztia ikusteko aukera ematen baitu.
Zergatik kanal bat eta ez taldea bat
Kanala eta taldearen ezberdintasun garrantzitsuenetako bat, jarraitzaileen parte-hartzea da. Kanalean guk bakarrik zintzilikatu ditzakegu edukiak. Hainbeste harpidedun izanik eta baliabideak aukeratzeko orduan irizpideak hain argi ditugunez, nahiago dugu oraingoz horrela izatea. Hala ere, norbaitek proposamenen bat izanez gero, klikeuskaraztxiki@gmail.com korreora bidali dezake. Guretzako oso baliogarria izango litzateke gurekin harremanetan jartzea. Harpidetuen feedbacka, zein edukien proposamenak jasotzeko.
Badaramazue denbora bat jada, jarraitzaile asko al duzue eta zein balorazio egiten duzue?
Hilabeteak lanean gabiltzan arren, abenduaren 28an hasi ginen kanalaren gonbidapena zabaltzen. Sorpresa handia hartu genuen, apustua egin genuen, saretzen hasi eta hurrengo astean ia 25 pertsona izango genituen, eta harrituta, ez-ohiko bilera bat egin behar izan genuen bi egunetara, dagoeneko 400 harpidetu genituelako.
Jendearengandik erantzun positiboa izan dugu. Gaiaz hausnartzean, hutsune bat zegoela uste dugu eta hutsune hori betetzen ari garela.
Dagoeneko 1000 harpidetu baina gehiago ditugu. Beraz, gure balorazioa oso ona da. Lanean jarraitu behar dugu. Beste proiektu batzuk ere baditugu buruan eta pixkanaka aurrera eramaten saiatuko gara. Harpidetutako pertsonen beharrei erantzuteko asmoz.
Zenbat lagun ari zarete lan polit honetan?
Guk esaten dugun moduan, parkeko bost guraso gara proiektuaren buru. Adin bereko txikiak ditugu (3-4 urte), beraz, inguruan dagoen beharra ikusirik murgildu gara proiektu honetan. Hala ere, egiten lana aitortu nahi diegu gurekin bidelagun direnei. Jende trebea ari zaigu laguntzen eta oso eskertuta gaude: txitatxe taldekoak, informatikariak, itzultzaileak... Aipatu, baita ere, gure logoa gure haurretako batek marraztu duela eta Leire Oiaga diseinatzaileak borobildu duela.
Zein irizpide erabiltzen duzue edukiak aukeratzeko garaian?
Asko gustatzen zaigu gure baloratzeko modua, par batzuk egin genituen bururatu zitzaigunean. Edukiak baloratzeko, TXITATU egiten ditugu. Horretarako pertsona ezberdinez osatutako azpitalde bat dugu. Oso lagungarria da guretzako hauen lana, ikus-entzunezko guztiei txita batetik lau txitarako balorazioa ematen zaie (txita bat ez egokia eta 4 txita bikaina izanik). Guk ere parte hartzen dugu txitatze lanetan, baina pixkanaka lan horretan jende gehiago jartzea da helburuetako bat.
Edukiak aukeratzeko garaian irizpide oso argiak erabiltzen ditugu. Ezinbestekoa euskara egokia erabiltzea, bestetik osasuntsuak izatea (indarkeria gabekoak adibidez), anitzak izatea (eredu egokiak eskaintzea), noski, entretenigarriak izatea. Eduki motaren aniztasuna ere bilatzen dugu, ez beti dantza edo abestiak izatea. Txotxongiloak, ipuinak…
Azkenik, data eta egoera berezietan ere jartzen dugu begirada. Aurreko astean elurra egin zuen eta elurrarekin zerikusia duen edukia bidali genuen.
Nola egin duzue orain arteko saretzea?
Hasiera batean gure ezagunei pasa genien kanalean sartzeko gonbidapena eta beraiek inguruan zabal zezaten eskatu genien. Arrakasta handia izan zuen. Gure gonbita, mugikorretik mugikorrera mugimenduan dabil eta ttanttaka ttanttaka jendea gehitzen doa, oso garrantzitsua da jendeak gure lasterbidea partekatzea.
Orain ikastetxeetan ari gara indarra egiten. Euskal Herriko ikastetxe guztiei gure berri eman eta kanalaren zabalkuntza egitearen eskaera egiteko asmoa dugu. Lan handia suposatzen du, beraz Oarsoaldea eta Irungo ikastetxeekin jarri gara oraingoz harremanetan. Baina pixkanaka joango gara denekin harremana egiten.
Asko eskertzen dugu Pasaia Lezo lizeoak eman duen pausoa. Guretzako aukera handia da nor garen eta zertarako ari garen familiengana iristea, eta elkarrizketa honek bidea errazten digu. Mila esker, benetan.
Bukatzeko, norbaiti mezuren bat helarazi nahiko zeniokete pantailetan euskarazko edukien inguruan.
Hemendik gutxira sortzaileak beharko ditugu. Ideia asko ditugu buruan baina horietako bat hori da, nahiz eta oraindik ez diogun gaiari eutsi. Kanalaren harpidetuak gora doazela ikusita, inguruan ditugun sortzaileentzako gure kanala interesgarria izan daitekeela sinisten dugu. Beraien ideiak zabaltzeko erabilgarria izanik.