Udaberriari ongi etorri beroa egin diogu Lezon

Lezoko Guraso Taldeak ikasturte bukaerari jai giroa eman dio 2023ko Udaberri Festan. Ikusi hemen han bildu genituen irudiak. Ekainaren 2an, ostiralarekin, Karlos Saldise plazan arratsalde pasa aparta antolatu dute, makina bat jarduera eginda: eskulanak, jolasak, makillajea, photocall-a, merienda... Lezoko Guraso Taldekoek oso pozik bukatu dute eguna eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete, elkarlanak izugarrizko garrantzia duela nabarmenduz. Eskerrak eman dizkiete guraso taldetik kanpo egonda ere festaren antolakuntzan aritu diren gurasoei. Meriendarako patata-tortillak eta bizkotxoak eraman dituztenak ere gogoan izan dituzte. Eta, bereziki, goraipatu dute Lizeoko Euskara Taldeko neska-mutilek egindako lana. DBH mailan dabiltzan Euskara taldeko 32 ikasle aritu dira jolasak dinamizatzen, aurpegiak margotzen eta behar zen leku guztietan laguntza ematen. Haiei bereziki eskerrak eman nahi izan dizkiete egindako lanagatik. Bukatzeko, guraso taldekoek, Lezoko Udalari eta Olatzar eraikuntza enpresari ere eskerrak eman dizkiete, emandako laguntzagatik.