Lizeoko lehendakaria, Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakari berria
Egungo Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakaria, Nekane Artola Labordeta, Ikastolen Elkarteko lehendakari berria izango da aurrerantzean, Koldo Tellitu Mejiak lehendakaritza utzi ondoren.
Artola, lezoarra da eta lanbidez musika irakaslea Lezoko Tomas Garbizu Udal Musika Eskolan. Lizeoaren baitan, Lezoko Guraso taldean lanean aritutakoa eta artezkaritza kontseiluko kide da duela zazpi urtetik hona. Era berean, duela lau urte, bere konpromisoan pauso bat aurrera eman eta ordutik Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakaria ere bada. Ikastolen Elkartean ere lanean aritu da azken urteetan, lehendakariordea izan da, hain zuzen ere.
Nekane Artola bere asmoen inguruan aritu zaigu: "batez ere, epe ertainean ditugun erronkei erantzuna ematea, VII batzarraren prozesuaren baitan". Nabarmendu du, gainera, talde lanean ariko dela Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak lurralde bakoitzeko ordezkari bana izendatu ondoren, "elkarlanean ariko gara trantsizio aldi honi forma ematen", adierazi du.
Izan ere, EHIko Artezkaritza Kontseiluak trantsizioko postuak izendatu ditu, 2023ko ekainetik 2024ko ekainera bitarte. Artezkaritza Kontseiluak, aurretik esan bezala, Nekane Artola Labordeta (Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkaria) hautatu du EHIko lehendakari. Erik Etxart (Bernart Etxepare Lizeoko ordezkaria) izango da lehendakariordea, eta Unai Mendizabalek (Armentia ikastolako ordezkaria) beteko ditu idazkari lanak. Elena Zabaleta (Baztan ikastolako ordezkaria) eta Josune Bañales (Kirikiño Ikastolako ordezkaria), berriz, idazkariorde izendatu dituzte. Bost lurraldeetako kide bana, beraz, Artezkaritzako goren postuetan izendatuak.