Aranederreko parkearen inaugurazioan izan gara
Ikasturtearekin bat, irailera arte, bukatu da Pasaiako Udalak sustatzen duen ESKUBIDEAN programa. Trintxerpeko Aranederreko parkearen birmoldaketaren inaugurazioa izan da egin dugun azken ekintza eta Lizeoko ikasleen ordezkaritza bat han izan da. Larunbateko ekaitzak ez zuen utzi egitaraua osorik ospatzen, baina zinta mozketa, sikiera, egin genuen.
Haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko ekimen honi esker, aurten ekintza asko egin ditugu, baina, batez ere, gure ikasleek, parte-hartzearen kulturan janzten jarraitzea lortu dute. Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleek lan handia egin dute ikasturte honetan zehar.
Lizeoan bertan egin diren hainbat saioetan ikasleek herriko beharrak identifikatu eta lehentasunak zerrendatu dituzte, Udaleko teknikarien laguntzaz. Gainera, ikasleek, Udaleko Zerbitzuen Saila ezagutzeko aukera izan dute. Beste saio batean, Trintxerpeko Azokan, bilera interesgarri batean parte hartu genuen. Han, udaleko ordezkari politikoekin eta udaleko hainbat teknikarirekin egoteko aukera izan genuen. Haiek beren asmoak erakutsi eta gure ikasleek beren kezkak helarazi zizkieten. Saio hartan Karmengo Amako eta La Anunciatako ikasleekin bat egin genuen eta elkar ezagutzeko aukera bikaina izan zen. Gainera, kulturako teknikariekin hizketan, DBHko ikasleek jai batzordeetan parte hartzea irekia zela jakin zuten eta gure ikasleetako batzuk hasi dira jada barrutietako jai batzordeetan parte hartzen.
DBHko ikasleek, bere aldetik, pasa den astean bilera bat deitu zuten San Pedroko Morales Oliver plazako jolas gunearen egoera eta hobekuntzak aztertzeko. Datorren ikasturtean lanketa horrekin jarraitzeko asmoa agertu dute gazteek.