Gure teilatuko eguzki plakek 25.000 kWh sortu dituzte udako oporretan
Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak Lizeoko teilatuan jarrita dituen eguzki plakek lanean jarraitu dute ikastola udako oporrengatik itxita egon den tarte horretan. Bildu ditugun datuen arabera, eta eguraldia eguzkitsua izan ez den arren, eguzki plakek uztailean eta abuztuan 25.000 kWh pasa jaso dituzte. Zehazki, uztailean 13.561,7 kWh eta abuztuan 11.821,3 kWh.
Bi hilabete horietan, beraz, denbora epe berean 84 etxebizitza* hornitzeko adina argindar sortu da gure teilatutik.
Eraikin nagusiko teilatuan 276 plaka fotovoltaiko dauzkagu jarrita. Pasaia-Lezo Lizeoak eta Goienerrek sinatutako hitzarmenari esker plaka horiek Goienerreko bazkideak elektrizitatez hornitzeko erabiliko dira, tartean gure eraikinak. Lizeoak, bere aldetik, lehen hamar urteetan, eguzki plaken amortizazioa lortu arte, %20ko deskontua izango du elektrizitate kontsumo fakturan. Hortik aurrera %60ra pasako da lortuko dugun deskontua.
*Ohiko etxebizitza batean, bataz beste, hileko kontsumoa 150 kWh da.