Kalabazak hustu eta Arimen Gaua ospatzeko prest

Ohitura zaharren berreskurapenean indarra hartu du azken boladan Gau Beltzak eta Lizeoan badaramatzagu urte batzuk ohitura hori berreskuratzen eta ospatzen. Ekimena antolatzeaz LH 6ko ikasleak arduratu ohi dira eta ikasturte honetan ari dira jada lan horretan. Beraz, urriaren 31n, Santu Guztien Egunaren bezperan, Gau Beltza ospatuko dugu Lizeoan (Beherago iaz ikasleek egin zuten antzezpenaren bideoa ikus dezakezue).

Aipagarria da Gau Beltzaren berreskurapenean herritarrak egiten ari diren esfortzua, Pasaiako barrutietan eta Lezon zenbait talde Gau Beltza berreskuratzeko lanean fin ari dira. Hala, Donibanen, San Pedron, Antxon eta, aurten lehen aldiz, Lezon ospakizun eta antzezpenak egingo dituzte. Lezoko ekitaldien antolakuntzan Errota ikastolako guraso taldea ari da herriko hezkuntzako beste eragileekin elkarlanean. Lizeotik ekimen hauetan parte-hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, denon artean berreskuratu ditzagun euskal ohitura zaharrak.

Hustu kalabazak eta piztu kandelak!