Gau Beltza, gurean indartzen ari den ohitura zaharra

Pozik egoteko moduan gaude. Gau Beltza, Arimen Gaua, aspaldian gurean ospatzen zen jaia, berreskuratzen ari gara. Pasa den astearte arratsaldean LH3tik LH6ra bitarteko ikasleak mozorroak prestatzen, koreografia bat lantzen, panpinak egiten edota makilatzen aritu ziren. DBHn dabiltzan Euskara Taldeko lagunak ere laguntzen aritu ziren zeregin horietan. Arratsaldeko azken unean, gainera, LH5eko eta LH6ko ikasleek ikuskizun bat eskaini zuten goiko pistan, eta horrela, gure ikasleetako asko mozorrotuta jaitsi ziren herrietara.

Eta eguna ilundu ahala herrietako giroa zoramen bilakatu zen. Donibanen, San Pedron, Antxon eta Lezon, azken honetan lehen aldiz, Gau Beltza ospatu genuen. Leku guztietan jendez lepo. Lau ospakizunetan, gainera, jakin badakigu, gure komunitateko kide ugari aritu dela lanean. Bejondeizuela!

Urteak dira Donibanen, Ubera Bibliotekako Lagunak Gau Beltza ospatzen hasi zirela. Aurten, berriz, lehen aldiz, Gau Beltza antolatu dute Lezon hainbat eragilek, tartetan Lezoko ikastolako Errota Guraso Taldea eta Herri Eskolako Hezikuntza Guraso Taldea. Aipatzekoa da ere Trintxerpen taldetxo bat hasi dela hazitxoa ereiten. Lizeoko eta Karmengo Amako guraso batzuk elkartu eta joan den ostiralean Gau Beltzerako mozorro eta kalabaza tailerra antolatu zuten Serafin Esnaola plazan.

Lizeotik, zorionak denei egindako lan eskergagatik!

 

Oarsoaldeko Hitzak eragileek egindako argazkiak bildu ditu eta lotura hauetan dituzue ikusgai.

Pasaiako argazkiak [Oarsoaldeko Hitza]

Lezoko argazkiak [Oarsoaldeko Hitza]