Bazkideek 23/24 ikasturteko egitasmoak babestu dituzte urteko batzarrean
Pasaia Lezo Lizeoa Irakaskuntza kooperatiba Elkarteak urteko batzarra egin zuen atzo (abenduak 13) eraikin nagusiko liburutegian. Bazkide erabiltzaileak (gaur egungo gurasoak), lan bazkideak, eta bazkide laguntzaileak (ikasle, guraso eta langile ohi eta besteko herritarrak) zeuden deituta.
Batzarrean aurreko ikasturteko ildo nagusiak eta balantze ekonomikoa onartu ziren eta baita 2023/24 ikasturterako gestio ildo nagusiak ere. Edurne Urkiola zuzendaria eta Peio Egaña kudeatzailea arduratu ziren balantzeak zein aurreikuspenak jendaurrean aurkezteaz. Edurne Urkiolak, gainera, zuzendari gisa bere azken batzarra izango zela adierazi zien kooperatibakideei.
Batzarreko hirugarren puntuan, Pasaia Lezo Lizeoko lehendakari Nekane Artolak, laster Gasteizen onartzekoa den hezkuntza legearen inguruko balorazio negatiboa egin zuen batzarrean. Artola, gure lehendakaria izateaz gain Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere bada. Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada “aukera galdua” izango dela nabarmendu zuen Artolak. Murgiltze ereduak lege berriaren oinarri behar lukeela eta curriculumean euskara eta euskal kulturaren falta nabarmendu zituen, eta gehitu zuen, hizkuntza ereduek indarrean jarraitzeak ere ez duela zentzurik.
Jarraian Artezkaritza Kontseiluko kideen berritzea onartu zen. Ikasturte honetan lan bazkideen artean egingo da erreleboa. Hain zuzen ere, Nagore Antunez Oiarzabal, Maialen Esnaola Añorga eta Olatz Otxoa Pedrosa gehituko dira kontseilura.
Ohiko bihurtu da urteko batzarrei komunitateari ahotsa emanaz bukaera ematea, Lizeoko kideak zertan ari den erakusteko. Hala, iaz hemezortzigarrenez Holandako eskolarekin egindako eskola-trukeaz aritu ziren hara joandako ikasleak. Bestetik, Eskubidean planaren baitan lanean aritutako bi ikaslek beren esperientzia kontatu zuten. Jai batzordeetan parte hartzen hasi eta Donibanen goitibehera txapelketa arrakastatsu bat antolatzea lortu zuten. Komunikazioko kideok ere aukera izan genuen gure jardunaz aritzeko eta azken bi urtetan egindako lanaz aritu ginen tarte batez. Aitor Salaberria irakasleak, bere aldetik, auzolanean eraikitako urmaela bizia hartzen ari dela eta bertan ikasleekin egindako laginketen berri eman zuen.
Nekane Artolak eman zion bukaera batzarrari Edurne Urkiolari azken zortzi urtetan egindako lanagatik eskerrak emanez.