Pasaian, Albaolan, aurkeztu dute ekainaren 22an egingo den Ikastolen VII. Batzarra

Ikastolen Elkarteak, Pasaian aurkeztu du ekainaren 22an egingo den Ikastolen VII. Batzarra. Albaolan egin den ekitaldiak izan dira, besteak beste, Ikastolen Elkarteko eta gure ikastolako lehendakari Nekane Artola, Lizeoko zuzendari Edurne Urkiola eta baita gure ikastolako ikasleen ordezkaritza bat.

Batzarrean, hurrengo zortzi-hamar urteetan ikastolen mugimenduak egingo dituen urratsak eta ezarriko dituen mugarriak erabakiko dira. Batzarrari begira orain arte egin diren urratsak, ikastoletan hasiko den eztabaida prozesua, helburuak eta konpromisoak azaldu dituzte aurkezpenean. Jarraian duzue gaurko agerraldian esan dena.

 

Ikastolen 7. Batzarraren aurkezpen agerraldia

 

Egun on guztioi, eta eskerrik asko gure deialdiari erantzuteagatik

Ikusten duzuen bezala, Ikastolen mugimenduko ordezkari askok lagunduta etorri gara zuengana. Hemen gaude Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritza Taldeko kideak; baita langileak ere. Hemen gaude Euskal Herriko hainbat ikastolatako ordezkariak, guraso eta zuzendariak. Hemen, baita ere, ikastolako beste hainbat ikasle.

Ikastolen Zazpigarren Batzarra aurkeztera eta prozesua azaltzera etorri gatzaizkizue. Hitza hartuko dugu Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko hiru kidek: Elena Zabaletak, Nafarroako Ikastolen Lehendakariak; Erik Etxartek, Ikastolen Elkarteko Lehendakari ordeak;  eta nik neuk, Nekane Artolak, Ikastolen Elkarteko Lehendakariak.

Albaolara ekarri zaituztegu, hemen bezala, ikastolok ere itsasontzia eraberritzeko, eguneratzeko beharra dugulako, hurrengo bidaiari, zortzi-hamar urtekoari, sendotasunez eta trinkotasunez ekiteko. Sarez inguratuta gaude, geuk ere gure sarea ehuntzen jarraitu nahi dugulako, gure erakundetzeari begira bezala, geure arteko eta hezkuntzan, euskalgintzan eta euskal kulturgintzan ditugun harremanak ere sendotu nahi ditugulako.

Ikastolok ibilbide luzea eta esperientzia handia dugulako saregintzan eta herrigintzan. Helburu zehatz batzuekin sortu ziren Ikastolak eta helburu horiek berak eta berriak ditugu ipar. Ikastolen mugimenduak jendarteak eta errealitate desberdinek ezarritako erronka eta egoerei erantzuten jakin du hamarkada guzti hauetan. Askotan enbata eta ekaitzei aurre eginez baina jakin izan dugu taldean, denak norabide berean, arraun egiten. Eta horrek ekarri gaitu gaurdaino.

Egun ezin esan dezakegu itsasoa bare dagoenik eta horregatik uste dugu euskararen biziberritzerako eta hezkuntzaren eraldaketarako Ikastolen ekarpena ezinbestekoa dela oraindik ere. Izan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan hedatuta eta egonkortuta dagoen hezkuntza sare bakarra da Ikastolen elkartea, murgiltze eredua oinarri duena eta berrikuntza pedagogikoan aitzindari dena.

Ondorengo urteotan Ikastolok euskal jendarteari egingo diogun ekarpena zehaztera goaz, beraz, eredu propioa ardatz.

  • Herrigintza
  • Euskara eta euskal kultura
  • Gobernantza demokratikoa eta autoeraketa
  • Berrikuntza pedagogikoa
  • Pertsonak erdigunean
  • Euskal Herriko zazpi lurraldeetan

Iruñean eta ekainaren 22an ezarrita dugu hitzordua. Ikastolen Elkartean batzen garen 114 ikastolok Zazpigarren Batzarra egingo dugu egun horretan, hurrengo zortzi-hamar urteetako erronkei aurre egin eta helburu nagusiak ezartzeko. Gaurtik begiratuta, biharko ikastolak irudikatzeko ordua dugu. Oinarrizko proposamen bat badugu esku artean, orain, ikastolek aztertu eta euren proposamenekin hobetuko dutena. Hastear da prozesua.

Atzerapenarekin dator Ikastolen Zazpigarren Batzarra. 2019-20 ikasturtean hasi ginen prozesua prestatzen, eta 2021. urtean amaitzea zen helburua. Baina pandemiak bete-betean harrapatu gintuen, eta iazko ikasturtera arte ezin izan genion berrekin prozesuari. Aurtengo ikasturtearen hasieran hartu dugu abiada berriro, eta orain une erabakigarrian sartuta gaude. Geldi ere ez ginen egon, ordea. 2020-2021 ikasturtean Euskal Hezkuntza Sistemak beharko lituzkeen ezaugarrien inguruan hausnartu eta adostu genuen ikastolok, eta BIHAR ENDEKALOGOA sortu genuen.

2009tik ez dugu Ikastolon Batzarrik egin eta gure estrategia eta ildo nagusiak berritu gabe ditugu ordutik. 2009tik hona aldatu egin da gure gizartea. Bestelakoak dira kezkak, erronkak eta eskakizunak. Aldaketak gero eta azkarrago ematen ari diren munduan bizi gara gainera, eta hezkuntzatik horri guztiari erantzun beharra daukagu. Ikastoletan ere aldaketak egin ditugu, batzuk berariaz hartutako erabakiak izan dira, beste batzuk egoerari aurre egin edo egoerara moldatzeko hartutakoak. Hartuko ditugun erabakiak berariazkoak eta gogoetatsuak izan daitezen parada eskaintzen du Zazpigarren Batzarrak, eta horretarako egingo dugu, hain zuzen ere.

Aldaketa horiei guztiei belaunaldi aldaketa ere erantsi behar diegu. Ikastoletako gobernu organoetan, irakasleria eta hezitzaileetan, familietan… baita Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluan eta Zuzendaritza Taldean ere, 2009ko Batzarrean parte hartu ez zuen belaunaldi berri bat dugu.

Ikastolen mugimendua osatzen dugun Euskal Herri luze zabalean hedatu eta saretutako 114 ikastoloi eta guztiak batzen gaituen Ikastolen Elkarteari begirako etorkizuneko ildoak zehazteko eztabaida-prozesua da Zazpigarren Batzarra. Helburu batzuk zehaztuko ditugu, hemendik zortzi-hamar urtera ikastolak eta ikastolen mugimendua non eta nola kokatuta egongo garen irudikatu eta kokapen horretara iristeko egin beharreko ibilbidea marrazteko. Ikastolen eta ikastolen mugimenduaren beharrezkotasuna berretsiko dugu, eta euskal gizarteari guztion artean egingo diogun ekarpena erabakiko dugu Ikastolen Zazpigarren Batzarrean.

Beste helburu batzuk ere baditugu:

  • Ikastolen arteko kohesioa eta saretzea areagotzea
  • Ikastolen mugimendua indartzea
  • Partaideen inplikazioa handitzea
  • Erreferentzialtasuna irabaztea

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua eta Zuzendaritza Taldea murgilduta egon gara batzarraren eztabaida-prozesuaren inguruko lanketan. Gogoeta horren emaitza izan dira ikastolen esku utzi ditugun hiru dokumentuak: Ikastolen Seigarren Batzarretik hona egindako ibilbidea jasotzen duen txostena da lehenbizikoa; ikastolei eta hezkuntza-sektoreari eragiten dieten hainbat parametroren egungo egoeraren diagnosia jasotzen du bigarren txostenak; eta zortzi-hamar urte barru ikastolak non eta nola ikusi nahi ditugun eta toki horretara iristeko landu beharreko ildoak zeintzuk diren jasotzen dituen txostena da hirugarrena.

Hauek dira, laburbilduta, ildo nagusi horiek:

  • Ikastola-eredua indartzera, hedatzera eta sorreran genituen baloreak eguneratzera eta guarkotzeko asmoa dugu.
  • Ikastolen Elkartea Euskal Herriko ikastola guztientzat “aterpe” eta “erreferentziazkoa” den nazio mailako erakundea izaten jarraitu nahi du, eta ildo honetan sakontzeko urrats berriak proposatzen ditugu.
  • Gobernantza demokratikotik antolatuak gaude, eta hezkuntza komunitateko kide diren guztien erantzukizun partekatutik bideratua. Eta horrela jardun nahi dugu ere etorkizunean, erabaki komunetan eta erantzukizun banaketan oinarrituz.
  • Ikastolen autonomia  bermatzen jarraituko dugu, Ikastola bakoitzak bere proiektua eraginkortasunez garatu ahal izateko.
  • Ikastolen Elkarteak Euskal Herria bere osotasunean landuko du. Lurraldeen errealitate desberdinei  eta aniztasunari zentzu komuna emanez.
  • Ikastolok Euskal Herritar orori hezkuntza eskubidea bermatzen diegu eta ildo horretan pertsonen aukera berdintasunean sakondu nahi dugu. 
  • Euskal Herrira etortzen direnen jatorrizko izaera errespetatuta euskal herritar  izateko baliabideak eskainiko dizkiegu, euren beharrak erdigunean jarrita.
  • Ikastolon Hezkuntza-proiektua Euskal Curriculumetik eraikia izango da. Oso-osorik, bertatik bertara eraikitako curriculumean oinarrituta.
  • Ikastolen sorreratik helburu nagusia izan den euskara eta euskal kulturaren transmisioan jauzia eman nahi dugu eta ardatz izango ditugu aurrerantzean ere. Benetako murgiltze eredua gauzatuko dugu, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak eta euskararen ez ofizialtasunak dakartzan oztopoak gaindituta.

Ildo horietan biltzen ditugu gizarteak egiten dizkigun eskaerei eta egun ditugun erronka nagusiei erantzuteko proposamenak: erronka demografikoari (jaiotzaren jaitsiera eta kanpotik gero eta jende gehiagoren etorrera), erronka sozioekonomikoei, euskararen biziberritzeari… erantzuten diegu. Baina erronka horiei guztiei gure eredutik, Ikastola eredutik, erantzun nahi diegu. Horregatik, lehenik eta behin, gure ereduaren oinarriak sendotuko ditugu, baita gaurkotu ere. Gure erakundetzea eta saretzea ere indartuko ditugu. Gure hezkuntza proiektuak pertsonak izango ditu erdigunean, eta Hezkuntza Marko Orokorrean definitu dugun pertsona eredua izango dugu ipar, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ardatz izango duen estrategia ideologiko-pedagogikoarekin.

Esan bezala, ikastolen esku daude txosten hauek, eta denon ekarpenekin osatu eta aberastuko ditugu.

  • Gaur bertan ekingo diogu, ikastoletan, ekainaren 22ra eramango gaituen bideari. Gaurtik martxoaren 7ra bitartean, eskualdeka bilduko gara ikastolekin, txosten hauek aurkezteko. Guztira, hamasei aurkezpen egitea aurreikusi dugu.
  • Ikastolek apirilaren 12ra arteko epea edukiko dute txosten horiek euren komunitateetan aurkeztu eta ekarpenak eta zuzenketak egiteko.
  • Apirilaren 15etik maiatzaren 14ra bitartean, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak ikastoletatik jasotako ekarpen eta zuzenketak aztertu eta horietatik zeintzuk onartu eta baztertzen dituen ebatziko du.
  • Maiatzaren 15ean ebazpen horiek igorriko zaizkie ikastolei, eta hauek ekainaren 21era bitarteko epea edukiko dute ebazpenen inguruko botoak erabakitzeko.
  • Ekainaren 22an, azkenik, egingo dugu Zazpigarren Batzarra.

Lan asko daukagu egiteko, baina lan horrek balio behar digu ikastolak hurrengo zortzi-hamar urteetan ongi kokatzeko, gure aitzindaritzari eusteko, eta ahal dela indartzeko. Era berean, uste dugu, ahalduntze saio bat ere izango dela. Ikastola guztietako komunitateak gure etorkizunari buruz gogoeta egiten jartzeak komunitateak indartzeaz gainera, nor bere burua sendotzea ekar lezake. Eta guztiok ahaldunduta, mugimendua bera indartuko dugu.