Batx 2koek "trabajadoreen" Jaizkibelgo barrakoiak ezagutu dituzte
Batxilergoko bigarren mailako ikasleak errepresio frankistaren lekukotasunak ezagutzen izan dira Etxetxorekin.
Urtero lantzen dituzte Batxilergoko ikasleek frankismoa eta haren eraginak Euskal Herrian. Dena den, bestela egiteko aukera izan dute aldi honetan Lezoko barrakoietara egindako txangoari esker. Frankistek zientoka preso ekarri zituzten gurera helburu militarreko errepideak eraikitzera, eta baldintza gogorretan izan zituzten Lezoko Iparragirreko oihaneko barrakoietan bizitzen. Gaixotasunek hil zituzten asko, goseak akabatzetik gertu izaten ziren ia denak, eta ihes egiteko keinurik antzemanez gero, di-da fusilatzen zituzten.
Sasi artean galdutako gertaera horien memoria berreskuratzeko lanean ari da Lezoko Etxetxo elkartea, auzolanean. Trabajadoreen bizileku izandako eremuan eman zieten gure ikasleei orduko sarraskien berri, baita lezoarren testigantzak aipatu ere.
Memoria historikoaren garrantzia azpimarratuz amaitu zuten ibilbidea Etxetxoko gidariek. Basoaren memoria gure eginda baizik ezin baita galarazi halakoak errepikatzea.