LH5eko eta LH6ko ikasleek bertso saio bikaina eskaini dute

Maiatzaren bian, goizez, bertso saio aparta eskaini zuten LH5eko eta LH6ko ikasleek, Ander Lizarraldek gidatuta. Ikasturte guztian zehar, bi maila horietan, astero, ordubeteko bertsolaritza klaseak ematen dizkie geletan. Helburua: ikasleak bertsolaritzaren kulturara gerturatzea.

Bertso saioari dagokionez, azken urteetan egin bezala, bertso idatzia albo batera utzi dute eta inprobisazioa landu dute. Hala, ikasleak gelaka igo dira Juanba Berasategiko oholtzara eta binakako edo hirunakako taldetxoak egin dituzte. Lizarraldek gela bakoitzari gai bat proposatu dio eta taldetxo bakoitzari papertxo bana eman, oin bat idatzita bosgarren mailakoei eta bi oinekin seigarren mailakoei. Ikasleen lana izan da kopla osatu eta mikrofono aurrera kantatzera ateratzea. 

Bikain joan da saioa eta argi geratu da tresnak emanez gero gure ikasleek inprobisaziorako gaitasuna badutela.

IKUSI ARGAZKI GUZTIAK IRUDI BILDUMA HONETAN