Urmaelean neurketa estazio bat jarri dugu Don Bosco ikastetxearekin elkarlanean
Lizeoko urmaelean neurketa estazio bat jarri dugu Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxearekin lankidetzan. Tresna horri esker, unean uneko urmaelaren egoera monitorizatuta edukiko dugu webgune publiko honetan.
Pasa den maiatzaren 31n, Don Boscoko elektronikako bi ikasle eta irakasle bat Lizeora gonbidatu genituen, haiek diseinatu eta eraikitako estazioa elkarrekin gure urmaelean kokatzeko. Estazioa ur bazterrean finkatu aurretik, Don Boscoko ikasleek estazioa nola eraiki zuten eta haren funtzionamenduaz azalpenak ematen aritu zitzaizkigun.
Don Boscon sortutako tresna horrek orduro hainbat aldagairen neurketak egiteko gaitasuna dauka: pHa, tenperatura, uhertasuna, lurreko hezetasuna. Oso erabilgarria izango da urmaelaren jarraipena egiteko, gainera, behaketa biologikoak egiterakoan datu horiekin batera aztertu ahal izango dira, eta ikerketa sakonak egiteko aukera emango digu.
Lankidetza proiektu hau garatu aurretik, DBHko teknologia ikasgaia baliatuz, urmaela monitorizatzeko gailu sinple bat sortzeko asmoa bagenuen. Baina, Don Boscorekin harremanetan jarri ginen eta haiek gustura hartu zuten erronka. Hala, guk DBHn egin nahi genuena oinarri hartu, eta goi mailako lanbide heziketako Elektronikako zikloan gradu amaierako lan moduan proposatu dute ikasturte honetan urmaela monitorizatzeko estazio bat diseinatzea. Sentsoreak aukeratu, estazioaren atalak diseinatu eta 3D inprimagailuarekin inprimatu, eta funtzionatzeko programazio guztia egin dute. Horri esker, datuak telefono baten txartelaren pareko zerbaiten bidez bidaltzen dira hartzaile batera, eta bertan gordetzen dira, webgunean kargatzen diren bitartean.
Nabarmendu nahi dugu lankidetza esperientzia hau oso aberasgarri izan dela bi aldeontzako, bai Don Bosco ikastetxearentzat eta baita Pasaia-Lezo Lizeoarentzat. Gure aldetik, egindako lan txukunagatik eskerrak eman beharrean gaude.
Irakurri HEMEN Don Boscoko gure kideek neurketa estazioaren inguruan idatzi duten artikulua.