Euskaraz aritzeko eskolaz kanpoko ekintzetako lagunak bisitan
Ikasturte hasierarekin batera, Lizeotik kanpo ere euskaraz aritzeko ekimenetan parte hartzeko zenbait lagun bisitan etorri zaizkigu. Pasaiako ludotekako kideek eta Kuadrillategiko lagunek ikasturtean zehar eskainiko dituzten ekintzak aurkeztu dizkigute, eta parte hartzeko gonbita luzatu diete ikasleei.
Ludotekako lagunak Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleekin bildu dira Liburutegian haien proiektua aurkezteko eta eskaintzen dituzten zerbitzuak ezagutarazteko.
Gure ikasle asko jada Donibaneko, Antxoko edo Trintxerpe/San Pedroko ludoteken erabiltzaile dira, eta aurkezpenaren ostean, badirudi beste batzuk ere animatuko direla!
Gogoan izan Lezon ere badela ludoteka bat.
Kuadrillategiko eskaintza, berriz, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Euskaraz, kuadrillan, ekintza ugari egingo dituzte ostiral arratsaldero.
Azkenik, ikasturte hasiera honetan, ez ahaztu, helduek ere badutela euskara ikasteko edo hobetzeko aukera, Lezon zein Pasaian, AEKko bi euskaltegietan edota Pasaiako Udal Euskaltegian
Euskara gure egunerokoan bizitzeko eta erabiltzeko aukera ezin hobeak! Anima zaitezte eta gozatu!