Lau ikastola eta Kanboko Ikastolen Etxea lagunduko ditu Elkartasun Kutxak
Ikastolen mugimenduko 114 ikastolok batzarrean 736.000 euro banatu ditugu. Argia, Ibaialde, Argantzun eta Kattalin Elizalde ikastolek jaso dute laguntza.
Ikastolen mugimenduko 114 ikastolak batzen dituen Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak bere urteko Batzar Nagusia egin du. Euskal Herriko 114 ikastolen elkartasun adierazpide den elkargunea, ikastolenak diren hainbat balioen praktika dela esan da, “Izan ere, halako ekimen baten atzean ez baitaude datu ekonomikoak soilik, elkartasuna, lurraldetasuna eta taldekotasunaren praktika ere bada ekimen hau”. 736.000 euro banatu dituzte batzarrean, lau ikastolaren eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean, euren proiektuak garatu ahal izateko bultzada izan dadin. Laguntza hau heldu den urterako da, eta kapital ekarpen gisa eman dira.
Honela banatu dute heldu den urteko laguntza:
• Argia Ikastola (Tutera): 120.000 €
• Ibaialde Ikastola (Lodosa): 120.000 €
• Argantzon ikastola (Argantzon) : 50.000 €
• Kattalin Elizalde kolegioa (Senpere) 300.000 € eta lanen bigarren faseari ekinez gero beste 100.000 €
• Ikastolen Etxea (Kanbo): 46.271 €
“Erabaki hauei esker Euskal Herrian euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak diren egitasmoak lagunduko ditugu”, adierazi du Ikastolen Elkarteko eta Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakari, Nekane Artolak. “Taldeak norberaren errealitate eta egoeratik harago begiratzeko aukera ematen digu. Taldeak markatzen digu iparra, galduta gaudenean, ematen digu babesa garai zailetan, pozak partekatzeko ospakizunak antolatu eta erabakiak hartzeko sendotasuna ematen digu. Gure izatearen oinarri dela esan dezakegu, beraz”.
Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean Ikastolen Elkarteko ikastola guztiak batzen dira, eta urtean behin egiten duten Batzar Nagusian erabakitzen dute hurrengo urtean zein ikastolari eman laguntza. Modu horretara, euren kabuz aurrera eramaterik ezin dituzten proiektuak aurrera ateratzeko aukera dute, ikastola guzien elkartasunari esker.