Tania Trecet eta Izaskun Moreno artezkaritza kontseilukide berriekin hizketan
"Gure asmoetako bat da Lizeoaren nortasuna ezagutaraztea; Lizeora datozen familiei ikastolak nola eta zergatik sortu ziren azaltzea”
"Gure lehentasuna izango da gurasoen parte hartzea aktibatzea; guraso talde sendo eta aktibo bat lortzea"
Datorren abenduaren 10ean Lizeoaren Urteko Batzarra ospatuko dugu eta ondo-bidean Artezkaritza Kontseiluan bi kide berriren izenak onartuko dira: Izaskun Moreno eta Tania Trecet. Bikote antxotarra proiektu komunaren alde lan egiteko gogotsu sartu dira erronka berri honetan. Batzarraren aurretik haiekin egoteko aukera izan dugu, kontseiluan parte hartzeko erabakia nola hartu duten eta zer ekarpen egin nahi duten hobeto ezagutzeko asmoarekin. Ez galdu Izaskun eta Tania ezagutzeko aukera!
Tania Trecet eta Izaskun Moreno
Zergatik erabaki duzue Artezkaritza Kontseiluan parte hartzea, zerk animatu zaituzte erabakia hartzera?
Tania Trecet: Antxoko ordezkariak erreleboa eskatu duela eta, iazko ikasturte amaiera aldera Lizeoak gurasoak deitu gintuen, hona Antxora, eta artezkaritzan sartzeko proposamena egin ziguten.
Izaskun Moreno: Bai, gu biok ekipoa osatuz animatuko ginela esan genuen. Egia esan, artezkaritza hitza entzuten duzu eta badirudi oso leku garrantzitsua dela, hori da bikote gisa sartzearen arrazoia. Erabakiguneetan aritzeak bertigo pixka bat eman dezake eta.
Baina, sartu zarete.
Tania: Bai, Izaskunek aipatu duen bertigoari ikastolarekiko konpromisoa eta atxikimendua gailendu zaio. Azken batean, biak gara ikasle ohi eta egun gure seme-alabak Lizeora ekartzen ditugu. Gainera, honek aukera emango digu ikastolak barrutik nola funtzionatzen duen ezagutzeko. Nik jakin-min hori badut.
Izaskun: Kanpoan zaudela errazagoa izan daiteke gauzak ongi ez ulertzea… Artezkaritzan egoteak hartzen diren erabakiak hobeto ulertzeko aukera emango digu, seguru.
Pertsonalki zer ekarpen egin nahi zenukete Artezkaritza Kontseilutik ikastolaren etorkizunerako?
Tania: Pentsatzen dugu gure lanetako bat izango dela Artezkaritzan lantzen diren gaien eta erabakien transmisioa egitea. Gertatzen ari denaren berri ematea; gainerako gurasoei zertan gabiltzan kontatzea.
Hezkuntza lege berria kezka iturri da, esaterako.
Izaskun: Bai, Lizeoa asko aldatu da gu ikasle ginetik. Lege aldaketa daukagu hor, matrikulazioan eragin handia izan duena, gainera. Hezkuntza legeak ikastolari nola eragingo dion; gai hori ongi azaldu behar dugu.
Tania: Hezkuntza lege berriak onurak ekarriko ditu, baina ikastolen identitatea zaintzen eta definitzen ere lan handia egin beharko dugu. Ikastolen nortasuna ezagutaraztea; Lizeora datozen familiei ikastolak nola eta zergatik sortu ziren azaltzea… baditugu erronkak, bai.
Beste erronkarik ba al duzue?
Izaskun: Ba, gu Artezkaritza Kontseiluan sartzeko arrazoietako bat da, gure barrutian, Antxon, gurasoen parte hartzea handitzeko nahia; gurasoak inplikatu nahi ditugu. Gure artean askotan hitz egin dugu gaiaz. Zer egin gurasoak mobilizatzeko? Gure lehentasuna izango da gurasoen parte hartzea aktibatzea; guraso talde sendo eta aktibo bat lortzea. Azken batean, barrutian talde bat sortzea Lezoko Errota Guraso Taldearen antzera.
Tania: Horretan saiatuko gara. Gauza txikiak badira ere parte-hartzea sustatzen saiatuko gara.