Errepublika garaia
36ko gerra
Francorekin dena bertan behera
1960
Hezkuntza euskaldun eta propioaren aldeko lanari berrekiten zaio. Lehenengo ikastolak sortu ziren Antxon eta Lezon. Gutxira, San Pedrokoa, Donibanekoa, eta Trintxerpekoa sortu ziren. (Lizeoa ikastola hauen oinordekoa da, ikastola txiki horien konfluentziaz sortuko da Lizeoa 1976an).
1968
Ikastolak hazten ari ziren Euskal Herrian. Francoren diktadurapean euskara debekatuta zegoen eta ikastolek klandestinitatean jarduten zuten. Abuztuaren 9an ikastola guztiak debekatu zituzten Enrique Oltra Moltó gobernadorearen aginduz, eta horri erantzunez, abuztuaren 23an Federación Diocesana de Ikastolas sortu zen. Loiolako San Ignazion elizak bere babesean hartu zituen ikastolak, tartean gure bost ikastolak.
Lezoko ikastola
- 1930eko hamarkada
Gerra zibilaren aurretik Agustina Lizarazuk eta Miren Gezalak haur eskolak zabaldu zituzten. 36ko gerrak zapuztu zuen saiakera hura.
- 1950eko hamarkada
Manuela Larreak Kale Nagusian 3 urteko haurrak hartzen hasi zen. Eskola Nazionaleko irakasleek Larrea salatu zuten maistra titulurik ez zuelako eta hark Don Inazio Esnal Lezoko apaizarengana joan zen babes eske.
- 1960ko hamarkada
Hamarkadaren bukarean sortu zen Lezoko ikastola. Don Inazio Esnalek berak irakasle titulua atera zuen eta bera zen irakasle titularra. Lezo Handia parkean jarri zituzten prefabrikatutako modulu batzuetan eman zituzten eskolak.
Antxoko ikastola
- 1960
Gurasoen ekimenez Kontxita Beitiak hasi zuen Antxon ikastola bat eraikitzeko bidea. Donostiara jo zuen eta Elbira Zipitriaren babesean ikastolako andereño izateko formakuntza jasotzen aritu zen. 1960ko irailean ireki zituen ateak Antxoko ikastolak Beitiaren etxeko gela batean, klandestinitatean.
- 1965/1966
Kontxitak ikastola utzi zuen baina ez ordezkoa bilatu aurretik: Nekane Auzmendi. 56an, Auzmendik ikastolako egoitza berria estreinatu zuen Errenderi kalean alokatu zuen etxebizitza batean. Gainera, Kontxita Beitiaren ekimenez lehen Gurasoen Elkartea sortu zen.
Trintxerpeko ikastola
- 1966
Aratxa eta Andoni Egia anai-arreben ekimenez sortu zen Trintxerpeko ikastola 1966an. Karmele Laka izan zen hasierako irakaslea, gerora Gurutze Urresti batu zitzaion irakasle lanetara. Gaur egun Lilitegia dagoen leku berean ematen zituzten eskolak, Arraindegi kalean. Leku horretan elkarte bat zegoen: Bordatxo kultur elkartea. Goizez ikastola zen eta arratsalde eta gau partean elkarte.
Gurasoak lan handia egin zuten ikastolak biziraun zezan. Udan lokala margotzen zuten, jaietan dirua biltzen zuten festetan zabaltzen zuten Txabol Sotoarten bitartez edo dendak zabalduz gurasoek beraiek egiten zituzten fieltrozko panpinak saltzeko.
San Pedroko ikastola
- 1966
Dunixi Inda margolari sanpedrotarrari omen egiteko Dunixi ikastola izena jarri zioten Pilartxo Arratibelek zuzenduko zuen ikastolari. 1966ko irailean zabaldu zituen ateak gurasoek bultzatutako ikastolak, Pilartxoren etxeko gela batean.
- 1967
Bigarren ikasturtea, gaur egun Liburutegia dagoen lekuan eman zuten, Udalak utzitako lokalean. Andres Aramendi Alkate frankista bazen ere, ikastolen mugimenduari asko lagundu zion.
- 1968
Egoitza eta izena aldatu behar izan zuen ikastolak. Oltra Moltó gobernadoreak ikastolak debekatu ondoren Udalak lokala ez uztea erabaki zuen. Apaizaren etxera lekualdatu zen ikastola. Debekuaren ondorioz izena ere aldatu zuen ikastolak, Kepa Deun ikastola izango zen aurrerantzean.
- 1970
Gaur egun zaharren egoitza dagoenera aldatu zen ikastola.
Donibaneko ikastola
- 1960ko hamarkada erdialdea
Donibaneko zenbait euskaltzaleren ekimenez sortu zen ikastola, tartean, Jose Joakin Irigarai edo Rafa Otero. Rosarito Folgado izan zen lehen andereño udalak utzitako lokal batean, Bonantzan.
- 1969
Honaino ikastolak baimenik gabe egin zuen bere ibilbidea, 1969an, elizaren babesarekin, katekesi modura baimena lortu zuen lortu zuen arte. Rosarito Folgadoren ondora Lurdes Sistiaga, Marian Etxezarreta eta Ixiar Korta arrimatu ziren. Azken hau izan zen Bonantza ikastolako lehen irakasle tituluduna.
LIZEOAREN SORRERA
- 1972
Donibaneko, Antxoko, San Pedroko, Lezoko, Trintxerpeko, Herrerako, Altzako eta Intxaurrondoko ikastolek bilera bat egin zuten batasun bide bat sortu nahian. Gerora azken hiru ikastolek bidea bere aldetik egingo zutela erabaki zuten.
Ekainaren 19an, osoko bilkuran, Pasaiako Udalbatzak bere egin zuen barrutietako ikastolek Hezkuntza eta Zientzia Ministierioari egindako eskaera: 880 ikasle bilduko lituzkeen ikastetxea sortzeko baimena esaktzea. Era berean, Pasai Donibanen kokatutako 5.465 metro koadroko orubea eskaini zuen Udalak bertan Lizeoa eraikitzeko (gerora aukera hau baztertu egin zen).
- 1975
Lezoko, Trintxerpeko, Antxoko, San Pedroko eta Donibaneko ikastolek azkeneko bultzada eman zioten batasun proiektuari. Herrera-Altzako eta Intxaurrondoko ikastolek, bere aldetik, proiektu propioa sortzea erabaki zuten.
- 1976
Gaztelutxo Elkartea S.A. sortu zuten bost ikastolek. Elkartearen helburua ikastetxe berria eraikitzea, gaur egungo Lizeoko eraikin nagusia, eta horretarako behar zen dirua lortzea zen.
1972an Udalak eskainitako lurra ez zela egokia erabaki zuten adituek, maldatsua zelako eta txikia zelako. Beste zenbait aukera aztertu ondoren Gaztelutxo baserriko 23.000 metro koadroko lur eremua erostea erabaki zen.
- 1977
Otsailaren 5ean bost ikastoletako gurasoek bilera garrantzitsua egin zuten. Lizeoaren etorkizuna kinka larrian zegoen. Udala geldirik zegoen egoera politiko korapilatsu batean, eta Lizeoko eraikina egiten hasteko baimena lortzea ezinezkoa zen. Euskal Herrian oro har, eta gure eskualdean bereziki, egoera politikoa erabat nahasia zen. Pasaiako alkateak, Andres Aramendik, dimisioa aurkeztu berri zuen poliziak Antxon langileen aurka oldartu eta lagun bat balaz zauritu zuela salatzeko. Gainerako zinegotziek beren funtzioak ez betetzea erabaki zuten alkatearen arrimuan. Udala geldirik zegoen eta ondorioz Lizeoaren proiektua ere bai, baimenak ez baitziren iristen.
Otsailaren 15ean Pasai Antxoko Elkarteen koordinadorak deituta, 400 lagunek babestuta, arazoaren garrantzia ikusirik, zinegotziei bueltatzeko eskaera egin zieten. Antzeko bilkurak egin ziren San Pedron eta Donibanen.
Zinegotziak egoeraz jabetuta eskaera hura onartu eta martxoaren 9an udalbatza deitu zuten. Udalbatza hartan Lizeoari obra egiteko baimena eman zitzaion.
Urriaren 14an, bestetik, Espainiako ministroen kontseiluan interes sozialeko titulua jaso zuen Lizeoak.
- 1979
Lizeoko eraikin nagusia eraikitzeko lanek hiru urte iraun zuten. Azkenik, 1979ko abenduaren 20an, 21ean eta 22an, hainbat ekitaldi egin ziren Lizeoko eraikina inauguratzeko.