Ikastolen elkarteko kide gara
Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak, Ikastolen Elkarteak, Hego Euskal Herriko ikastolak kooperatiba gisa antolatzen ditu, iparraldekoekin lankidetza estua mantenduz. Erakunde honek europar kooperatiba eredua hartzen du, eta garrantzi berezia du kooperatiba mugimenduan eta hezkuntza arloan. Ikastolen Elkartea Euskal Herri mailan mugaz gaineko aitortza administratiboa daukan erakunde sozial bakarra da eta Europar Batasunean sortutako bigarren europar kooperatiba da. Ikastolen arteko interkooperazioari esker Elkartasun Kutxa dugu martxan, eta ikastola guztien artean euskararen periferiako eremuetan hezkuntza euskalduna eskaintzeko ikastolen bideragarritasuna ahalbidetzen dugu.
Euskal Herriko Ikastolen norabidea 2024ko ekainean egindako 7. Batzar orokorrean eguneratu genuen. Behetik gora egindako eztabaida-prozesu luze, trinko eta aberats baten emaitza izan zen datozen urteetako ikastolak diseinatzea. Batzar horretan berretsi genuen gure konpromisoa Euskal Hezkuntza Sistema burujabe bat eraikitzeko bidean ekarpenak egiten jarraitzeko, Euskal Herri osoari erantzuteko egitasmo nazionalak azkartu eta berriak sortzeko, ikasle guztientzako aukera erreala izateko neurriak indartzeko, euskal curriculuma zirriborratzen jarraitzeko, digitalizazioari ikuspegi pedagogikoarekin ekiteko, hezkuntza ez formalera gure hezkuntza proiektua hedatzeko, euskal kulturaren sorkuntzan eta transmisioan bidea urratzeko… Eta hori guzti hori ez dugu bakarrik egin nahi, ezta guretzat bakarrik ere. Hezkuntzako, herrigintzako, kulturgintzako eta euskalgintzako eragileekin, tokian tokiko erakundeekin egin nahi dugu, elkarlanean, elkarrekintzan, lankidetzan. Batzarrean, labur adierazita, biharko ikastolak amestu genituen, biharko Euskal Herria eraikitzeko.